190 metro koadroko eraikina zabaldu du Udalak eskolako patioaren ondoan. Lokal berri horren zati bat –90 metro koadro– eskolako neska-mutiko zein gainerako herritarrentzako gimnasio bezala erabiliko da eta bertze 100 metro koadroak udaletxeko biltegirako erabiliko dira. Gimnasio bezala erabiltzeaz gain, edozein kultur edo kirol ekitaldi antolatzeko ere erabiliko da lokala.
Espainiako Gobernuaren dirulaguntza
Joan den urteko ekainean hasi ziren obrak, ikasleek ikasturtea bukatu orduko, eta geroztik lanean ibili ondotik, ilbeltzaren 31n inauguratu zuten. 350.000 euroko aurrekontua izan dute lanek baina Espainiako Gobernuak 240.000 euroko subentzioa bideratu du. Obrak Sunbillako Gazmendi enpresak egin ditu.
EAJko ordezkariak
Inaugurazio egunean, Iñaki Goienetxe alkateaz gain, Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu Espainiako Kongresuko EAJ-PNVko diputatuak eta Jose Angel Agirrebengoa EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea ere herrian izan ziren. EAJko alderdikide gehiago ere bildu ziren: Jose Luis Etxegarai, Agustin Sanz, Juan Fermin Mitxelena, Laura Iantzi eta Juanjo Etxebeste, bertzeak bertze.
Herriko hiru neska gaztek, Saio Taberna, Olaia Matxikote eta Amaia Goienetxek, aurreskua dantzatu zuten, eta ekitaldiari akabera emateko bildutakoek luntxa izan zuten herriko ostatuan.