Aspacek Otsango industrialdean duen Lan Zentro bereziaren etorkizuna hagitz beltza ikusten du Juanma Aranibar arduradunak: «%35ean edo ari gara lanean. Lan gehiago behar dugu, nahitaez. Martxoaren 1etik aitzinera, soldatak ordaintzeko ere lanak izanen ditugu, ez dugu segurtatua».
2002an sortu zenean elektrizitate eta automozio arloetarako osagaiak egiten bazituzten ere, joan den udatik labanderia edo ikuztegi lanean ari dira 12 langile eta 2 arduradun. Zalain jatetxeko manteleria eta maindireak garbitzea izaten ari da orain beraien lanik handiena. Lekarozko aterpeak, landetxe batzuk, Lesakako udal kiroldegiak ere ematen diete lana… Langileak ere kezkatuak somatzen ditu Aranibarrek. «Lanik ez dugula ikusten dute. Astean bizpahiru egunez pixka bat izaten dugu, baina gero denak geldituak daude. Txandaka aste bateko oporrak hartzen ari gara… Espero dugu udan lan gehiago etortzea eta horiek egiteko prest egoteko».