Bakarrik eta babes gabe dauden adintuak zaintzeko boluntarioak bildu nahi dituen Nagusilan elkartearen aurkezpena egin zen otsailaren 4an. Aurkezpen ekitaldian, Alfonso Obeso Lesakako arduradunarekin batera, Juan Maria Garitano Nagusilan Federazioko presidentea eta sortzailea, Jesus Maria Agirrezabala Nafarroako Federazioko presidentea eta Roman Zulaika, Euskadiko eta Espainiako Federazioetako idazkaria izan ziren. Juan Mari Garitano Nagusilan elkarteko sortzaileak aipatu zuenez, Nagusilan adinekoak lagunduz aktiboak izateko asmoarekin sortu zen. Lesakan laster boluntario taldea lanean ikusiko duen itxaropena agertu zuen. 1995ean sortu zuen Garitanok zenbait lagunekin batera Nagusilan. 13 pertsona hasi omen ziren, 12 gizon eta emakume, baina gaur egun, 1.100 boluntarioetatik 700 baino gehiago emakumeak dira, banaz bertze hirutik bi emakumeak dira, beraz.
«Urteak biziz bete behar dira, ez bizitza urtez bete bakarrik»
Jesus Mari Agirrezabalak aipatu zuenez, Nafarroan Iruñean eta Lizarran daude Nagusilan elkarteko ordezkaritzak. Nafarroan 3 urte ditu elkarteak eta Lesakako eskaintzarekin aukera hori zabaldu nahi dute. Nafarroako presidentearen erranetan, «boluntarioa da gehien jasotzen duena, irri bat baita saririk handiena». Berak zioenez, «urteak biziz bete behar dira, ez bakarrik bizitza urtez bete».
Alfonso Obeso Lesakako Nagusilan elkarteko bultzatzaileak aipatu zuenez, «konpartitzea da hitz magikoa», boluntarioen lana laburbiltzen duena.
Alfonso Obesok boluntario lan honetan interesa dutenentzat hurrengo hitzordua paratu zuen: otsailaren 18an, asteazkena, 18:00etan, Antoiu 27ko udal aretoan.