2008aren akaberan agurtu zuen Jon Bru txirrindulariak profesionalen mailan egindako zazpi urteko ibilbidea. Bide berriari ekin dio, baina orain arte egin duena gogoan, herriak omenaldia eskainiko dio otsailaren 27an eta 28an.
Otsailaren 27an, ortzirala, aurreskua dantzatu ondotik, Jon Bruren ibilbidea jasoko duen argazki erakusketa inauguratuko da 20:00etan. Segidan, luntxa izanen da Kultur Etxean.
Hilaren 28an, 10:00-etan martxa zikloturista eginen da Bruren omenez. Hainbat kirolari ezagun gonbidatu dituzte parte hartzeko: Zandio, Koldo Gil, Menchov, Txente Gartzia, Erbiti, Patxi Vila eta Juanma Garate, bertzeak bertze. Kiroldegitik abiatuko da itzulia eta 12:00etarako Agerrako pilotalekura itzuliko dira ttikienekin itzuli bat egiteko.
Azkenik, 14:00etan herri bazkaria eginen da Zalain jatetxean. Txartelak Goiko argazki-dendan, Errekalde ostatuan eta Katea-Biken daude salgai 35 euroren truke.
Kirolen tartean, Bruri egindako elkarrizketa irakurgai duzue.