Igantziko inauteriak ortziral goizean abiatuko dira

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 12a, 19:53
Igantziko mozorroak puxka biltzen joan den urtean Berrizaunen. TTIPI TTAPA

Bi egunez, auzoz auzo eta etxez etxe puxka biltzen eta zozketarako txartelak banatuko dituzte mozorroek

Igantziko inauteriak otsailaren 13an eta 14an izanen dira, ohi bezala, ortziral eta larunbatean. Aitzineko urtean bezala, mozorroak ohiko ibilbidea ortziral goizean hasiko dute, Aurtizko Oihana Mindegia eta Oihana Elizalde trikitilari eta panderojolearekin. 10:00etan elkartuko dira eta Berrizaun auzora joanen dira. Frain auzoa eta bidegurutze aldean dauden etxe berrietara ere orduan joanen dira. Etxez etxe eskean ibili ondotik, herrira itzuliko dira bazkaltzera. Arratsaldean, berriz, herri inguruan eta Sarrola auzoan ibiliko dira gazteak eskean. Eguna bukatzeko afaria eginen dute.

Larunbatean ere hainbat ekitaldi

Larunbatean, 8:00etan elkartuko dira eta Irisarri auzotik hasita, herri bazterreko bertze auzoetan barna ibiliko dira: Elusta, Unanu eta Piedade Gainean. Etxez etxe eskean dabiltzanean, etxe bakoitzeko boleto bana banatuko dute eta horren zozketa larunbat arratsean eginen da, 21:00etan frontoian. Segidan, afal aitzinetik aurten estreinakoz mozorroen kalejira eginen da trikitilariekin herrian barna eta gero afaria izanen da La Villa jatetxean. Gauerditik aitzinera dantzaldia izanen da frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun