Hamazazpi garaipen lortu zituen Manttale Mendi lasterketa taldeak 2008an

ttipi-ttapa 2009ko ots. 10a, 12:13
Manttale taldeko zenbait kide. Eserita eskuinean, Cristina Arbuesek zortzi garaipen lortu ditu. TTIPI TTAPA

Horietatik zortzi Igantzin bizi den Cristina Arbuesek lortu zituen eta gainerakoak hagitz banatuak izan ziren

Manttale Mendi Lasterketa taldeak 50 lasterketa baino gehiagiotan parte hartu zuen iaz, mendi nahiz asfalto gaineko lasterketak eta guzira 17 garaipen lortu zituen. Horietatik 8 Cristina Arbues igantziarrak lortu zituen, 3 Patxi Irazoki igantziarrak, bina Rafa Maritxalar lesakarrak era Unai Santamaria hernaniarrak eta bana Alberto Barberena elizondarrak eta Lorea Agirre beratarrak.

Txus Unsion, bigarren Euskal Herriko Kopako beteranoen kategorian

2007an egin zuen bezalaxe, Manttalek Espainiako Kopako lau probetan eta Euskal Herriko Kopako lauetan parte hartu zuen. Azken honetan, beterano mailan, Txus Unsion beratarrak bigarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean. Manttaleko lau korrikalarik Zegaman jokatu zen Europako txapelketan ere parte hartu zuten. IƱigo Lasaga etxalartarrak meritu izugarriko hamahirugarren postua eskuratu zuen, Unai Santamaria 37garren izan zen, Alberto Barberena 68garren eta Txus Unsion 200garren izan zen sailkapen orokorrean eta 24garren beterano kategorian.

2007an 13 garaipenetik 8 Fernando Etxegaraik

2007an hamahiru garaipen lortu zituen Manttalek, baina orduan Fernando Etxegarai beratarrak eskuratu zituen gehienak, 8. Aurten, Euskadiko selekzioarekin aritu da Etxegarai eta hamar garaipen baino gehiago lortu ditu. Honek, meritu gehiago ematen dio Manttaleren denboraldiari, garaipenak aunitzez banatuagoak egon baitira.

Asfalto gaineko probak

Mendi lasteketetan parte hartzeaz gain, asfalto gaineko proba garrantzitsuetan atera dira Manttaleko korrikalariak, hala nola Behobia-Donostia, Donostiako Maratoi Erdia, Orreaga-Zubiri lasterketa eta Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldeko bertze hainbat herri lasterketetan.

Berako Mendi Maratoi Erdia eta atletismo eskola

Aitzineko urteetan bezalaxe, Berako Mendi Maratoi Erdia ere antolatu zuen iaz Manttalek laugarren aldiz eta lasterketa hau, espezialitateko korrikalarientzat erreferente bilakatu dela erran daiteke. Honetaz gain, 8 eta 14 urte arteko nesk-mutikoentzat atletismo eskola ere sortu da eta larunbatera atletismoari buruzko ikasgaiak hartzen dituzte monitore baten eskutik. Manttale mendi lasterketa taldeak, bere emaitzen eta albisteen berri ematen du www.manttale.com web-orrialdean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun