Orsak Alkaiagan egin nahi duen asfalto lantegiaren afera Parlamentura ailegatuko da gaur

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 10a

Berako udal ordezkariak emanen dute beraien kezken berri

Nafarroako Parlamentuko Ingurumen Batzordeak asteartean, otsailaren 10ean eginen duen bileran, Alkaiaga auzoan Orsa lantegiak ezarri nahi duen brea labearen gaia aztertuko dute. Bilera NABAI taldeak eskatu du eta Berako Herriko Etxeko ordezkari gisara Josu Iratzoki ANVko alkatea, Helena Santesteban EAko zinegotzia eta Marisol Taberna Aralarkoa joanen dira. Josu Iratzokik aipatu digunez, “gure kezka azalduko dugu Parlamentuan. Bizilagunekin bildu gara, baita Orsa lantegiarekin ere zenbait aldiz, Ingurumen teknikariarekin in situ izan ginen azaroan eta orain Parlamentuan izanen gara. Zuzenean eragiten digun udaletxe bezala, instituzioetako bide guzia segitzen ari gara, brea labe batentzat kokapen egokia ez dela erakusteko”.

Lur azpiko uren gainean

Asfalto lantegi berria Armasako harrobian eginen litzateke, Alkaiagako hainbat etxebizitzetatik hurbil-hurbil eta Bidasoako mailatik beheiti, proiektuak berak onartzen duenez. Errekan beheiti, alkaiagarrek etxerako ur hartzea dute, auzotarrek ez ezik, lehorte garaian beratarrek ere erabiltzen dutena.

Ehun alegazio baino gehiago

2008ko irailean Orsaren proiektuari ehun alegazio baino gehiago aurkeztu ziren Lesakako Herriko Etxean, baina ez da erantzunik jaso. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak zenbait neurri zuzentzaile aurkeztea eskatu dio Orsa lantegiari, baina Alkaiaga eta Agerrako bizilagunek argi dute: “ez dago brea eta betun labe batek etxeko atarian eragin ditzakeen kalteak zuzentzeko neurririk. Ez da kokapen egokia, eta kitto!”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun