Lesakako Otsango industrialdean Aspacek kudeatzen duen Lan Zentro Bereziaren etorkizuna kolokan dago. Gaur egun 12 langile eta 2 arduradun ari dira Lesakako zentroan. 2002an sortu zen lantegi hau, 258.435 euroko aurrekontuarekin. Isabel Pardo, Uxaneko ardurdunak aipatu zuenez, “orduan, Uxane ttiki gelditzen zitzaion zenbait jenderi eta ezin zuten lanbide arrunt batera aukegatu. Horregatik sortu zen Lesakako Lan Zentro Berezia. Baina inguruko industriek ez gaituzte kontuan hartu”. Hasieratik elektrizitate eta automozio arloko lanak hartu dituzte, Delphi eta Volkswagenen osagaiak eginez, baina bi enpresa hauek lana kanpora eraman dute orain. Juanma Aranibar, Lesakako lantegiko arduradunak aipatu digunez, “joan den uda arte lanaz gainezka ginen bi enpresa horiekin, baina abuztuko oporren ondotik, lanik gabe ginen. Hemen egiten genuena Txinara eta merkeagoa egiten omen duten bertze lekuetara eraman zuten. Hala diote”.
Garbitoki lanak
Horregatik, joan den urtean, Nafarroako Kutxaren Zuk Aukeratu Zuk Erabaki programaren bitartez bi labadora erosi ziren, “zerbait independientea” izateko eta garbitoki lanean hasi ziren. Horretan ari dira orain lanean, baina bideragarria izateko beharrezkoa den aurrekontuaren%30 inguru bakarrik ateratzen da. Lan etorkizuna beltz ageri da eta Noain eta Lesakako Aspaceko lantegietan 80 lagun sobera izanen direla aipatzen dute. Isabel Pardoren ustez, inor ez dago soberan: “Erakundeek aunitz solasten dute, baina gero lehiaketara aurkeztu eta ez dizute ematen, diskriminazio handia dago administrazioaren aldetik, ez baitute zailtasunak duten jendea laguntzen”. Berako Uxane ikastetxean eta Maddi erresidentzian ez dute arazorik, Ongizate Departamentuaren finantziazioa baitute, baina Lan Zentro Berezia, lan Departamentuaren menpe dago.
%35ean lanean
Etorkizuna hagitz beltza ikusten du Juanma Aranibarrek. “ %35ean edo ari gara lanean, hirutik bat. Lan gehiago behar dugu, nahitaez. Martxoaren 1etik aitzinera, soldatak ordaintzeko ere lanak izanen ditugu. Hilabete honetako soldata ordaintzeko haina badugu, baina heldu den hilabetetik ez dugu segurtatua”. Administraziotik gehiago lagundu beharko luketeela uste du Aranibarrek, “nik uste badutela laguntza bat urtero, langile bakoitzeko diru kopuru bat, eta hori igo egin beharko litzateke. Urte beltza dugu, krisiarengatik, eta zerbitzu arloan bereziki gogorra izaten ari da eta horrek zuzen zuzenean eragiten digu. Horregatik kezkatuak gaude”. Zalain jatetxeko eta ostaleko manteleria eta maindireak garbitzea izaten ari da orain beraien lanik handiena. “Eskertzekoa da, seguru badutela beraien labanderia, baina orain pertsona bat bajaz dutela eta guri ekartzen digute”. Lekarozko aterpetik ekartzen dituzten garbiketa lanak ere beraiek egiten dituzte, landetxe batzuk, Lesakako udal kiroldegia… Gehiago ere hasi ziren, baina krisiaren ondorioz, dena kolokan dagoenez, etxean bertan garbitzen hasiak dira, gastuak murrizteko. Ibardingo benta batzuekin ere gauza beretsua gertatu zaigu.
Langileak ere kezkatuak
Langileak ere kezkatuak somatzen ditu Aranibarrek. “Gainera, lanik ez dugula ere ikusten dute. Astean bizpahiru egunez lan pixko bat izaten dugu, baina gero denak geldituak daude. Oporrak hartzen ari gara, bakoitzak aste batekoak… Espero dugu udan lan gehiago etortzea eta horiek egiteko prest egoteko”. Etorkizunera begira, ez dago garbi zein izaten ahal den aterabidea. “Iruñetik etorri zaizkigu eta ditugun gastu eta sarreren berri eman digute. Horren arabera, langile kopuruaren erdia mantentzen ahal ote dugun aztertzen ari gara, baina kanpotik etortzen den lanaren arabera ari garenez, ezin da zehaztu. Igual Zalain jatetxean bazkari guttiago ematen dituzte eta ez digute lanik ekartzen, edo auskalo!”.