Bakarrik dauden adintuak zaintzeko boluntarioak nahi ditu Nagusilan elkarteak

Aitor AROTZENA 2009ko otsailaren 6a

Nagusilan elkartearen aurkezpenean bildutako arduradunak, udal ordezkariak eta boluntarioak. TTIPI TTAPA

Asteazkenean egin zen aurkezpena eta otsailaren 18an izanen dute hurrengo bilera

Otsailaren 4an, asteazken arratsaldean, Lesakako Antoiu 27-2º udaletxeko aretoan Nagusilan elkartearen aurkezpena egin zen. Nagusilan gobernuz kanpoko erakunde bat da, laguntza-elkartea, irabazi asmorik gabekoa, apolitikoa eta ez-konfesionala, baztertuak eta bakarrik dauden adintuak animatu, arindu eta lagundu nahi duen guztion artean osatutakoa. Kide gehienak aurretik erretiratuak, pentsionistak eta etxeko andreak dira. Aurkezpen ekitaldian, Alfonso Obeso Lesakako arduradunarekin batera, Juan Maria Garitano Nagusilan Federazioko presidentea eta sortzailea, Jesus Maria Agirrezabala Nafarroako Federazioko presidentea eta Roman Zulaika, Euskadiko eta Espainiako Federazioetako idazkaria izan ziren.

1995ean sortutako elkarteak, gaur egun 1.100 boluntario ditu

Juan Mari Garitano, Nagusilan elkarteko sortzaileak aipatu zuenez, Nagusilan adinekoak lagunduz aktiboak izateko asmoarekin sortu zen. Lesakan laster boluntario taldea lanean ikusiko duen itxaropena agertu zuen. Gipuzkoan 22 herritan ari dira Nagusilaneko 700 boluntario baino gehiago. Joan den urteko irailean Lesakan egin zen Nafarroako Nagusilan elkarteko batzarra eta horrek Iruña eta Lizarrako boluntarioak ezagutzeko aukera ere eman zuela aipatu zuen. 1995ean sortu zuen Garitanok, zenbait lagunekin batera Nagusilan. 13 pertsona hasi omen ziren, 12 gizon eta emakume, baina gaur egun, 1.100 boluntarioetatik 700 baino gehiago emakumeak dira, banaz bertze hirutik bi emakumeak dira beraz.

«Urteak biziz bete, ez bakarrik bizitza urtez bete»

Jesús Mari Agirrezabalak aipatu zuenez, Nafarroan Iruñean eta Lizarran daude Nagusilan elkarteko ordezkaritzak. Nafarroan 3 urte ditu elkarteak eta Lesakako eskaintzarekin aukera hori zabaldu nahi dute. Nafarroako presidentearen erranetan, “boluntarioak dira gehien jasotzen dutenak, irrifar bat baita saririk handiena”. Berak zioenez, “urteak biziz bete behar dira, ez bakarrik bizitza urtez bete”.

Hurrengo bilera otsailaren 18an

Alfonso Obeso, Lesakako Nagusilan elkarteko bultzatzaileak aipatu zuenez, “konpartitzea da hitz magikoa”, boluntarioen lana laburbiltzen duena. Alfonso Obesok, boluntario lan honetan interesa dutenentzat hurrengo hitzordua paratu zuen: otsailaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, Antoiu 27ko udal aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun