Berako inauteriak

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 12:32
TTIPI TTAPA

Gure Txokoa Elkartea izan da betidanik inude eta artzainen ekitaldia antolatu izan duena

Bi aste barne hasiko dira inauteriak Euskal Herriko hainbat eta hainbat tokitan. Baita Beran ere. Eta Berako inauterietako pertsonaiarik ezagunenak, dudarik gabe, inude eta artzainak dira. 29 urte beteko dituzte aurten inude eta artzainek Beran eta Donostiatik datorren ekitaldia den arren, beratarrek herrira egokitu zuten bere garaian. Gipuzkoako hiriburuan inudeak emakumezkoak dira eta gizonezkoak artzainak. Beran, ordea, alderantziz egitea erabaki zen, “inauteriak direla probextuz”. Hala azaldu digu Maria Barredo Gure Txokoa Dantza Taldeko arduradunak.
Gure Txokoa Elkartea izan da betidanik inude eta artzainen ekitaldia antolatu izan duena, zehazki, Gure Txokoa Dantza Taldea. Maria Barredok urteak daramatza antolaketan baina aurtengoa azkena izanen du. “Gazteagoak mugitzen hasi dira eta eurek nola antolatu ikas dezaten, aurten garaiz hasi gara prestatzen”, erran digu Barredok.
Haur zein gazte, jende andana ateratzen da inude edo artzainez jauntzita inauterietan. Ttikienak Ortzegun Gizenarekin, aurten otsailaren 19an, eta helduagoak igandearekin, otsailaren 22an. Prestaketa lanak ere hasiak dira, eta ikastetxeetan adibidez, entseguetan dabiltza. Maria Barredok Berako ikastetxe batean egiten du lan eta aitortu digunez, aste batzuk daramatzate haurrei dantzak erakusten. Egun haundia ailegatzean, berriz, 15:45etik aitzinera karrikaz karrika ikusiko ditugu.
Helduagoen txanda igandean izanen da, otsailaren 22an. Igande horretan, 10:00ak aldera Eztegara pilotalekuan elkartu eta handik hasita osatuko dute ohiko itzulia. Karrozak, Musika Bandak eta konpartsak ere ez dute hutsik eginen. Hiru dantza dira inude eta artzainen errepertorioa osatzen dutenak eta goiz guztian horiek dantzatzen ibili ondotik, Zubiondo jatetxean elkartuko dira bazkaltzeko. “100 bat lagun”, Barredok erran digunez. Arratsaldean ere segituko du bestak, eta Eztegara pilotalekutik Altzatera joan eta Altzateko plazan itzulia eginen dute inude eta artzainek. Dantzez ongi oroitzen ez dena, garaiz dabil oraindik ikasteko. Otsailaren 19an eta 20an entseguak eginen dira, 20:00etan Eztegara pilotalekuan.

Beratarra edo hurbilekoa

Inude eta artzainetan ateratzeko baldintza bakarra beratarra izatea da, “nahiz eta azken urteotan bikotekidea beratarra dutenak ere onartzen diren”, dio Barredok. Eta hortik aitzinera besta giroa nagusi. Izan ere, Barredok azaldu digun bezala, “egun berezia izaten da beratarrontzat”.

Gure Txokoaren alde

“Kanpoko jendeak ez daki eta beratar aunitzek ere ez, baina inude eta artzainak karrikaz karrika dabiltzanean batzuk dirua biltzeko eskean ibiltzen dira”. Horixe kontatu digu Barredok. Gure Txokoa Elkartearentzat izaten da diru hori, nahiz eta elkarteak inude eta artzainei ematen dien dirua, bazkarirako.

Egitaraua

OTSAILAK 18 asteazkena -inauteri besta
16:30 Kalejira Beran barna, zahar etxea bisitatuz (euria ez badago)
17:00 Berendua Musika Eskolan
Antolatzailea: Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola
OTSAILAK 19 ortzeguna - ortzegun gizena
15:45 Haur eta gaztetxoen inudeak eta artzaiak. Suhiltzaileen parketik Kultur Etxera (Eguraldi txarra eginez gero 16:00etan, Eztegarako frontoian)
16:30 Haurrentzako Dantzaldia Kultur Etxean XURDIN taldearekin.

OTSAILAK 21 larunbata - kaldereroak
19:00 Kaldereroak Illekuetatik Herriko Etxeko plazara (Eguraldi txarra eginez gero, Altzateko frontoian)

OTSAILAK 22 igandea - inudeak eta artzaiak
10:00 Inudeak eta artzaiak goiz osoan herrian barna, Eztegara pilotalekutik hasita
18:00 Eztegara pilotalekutik Altzate karrikara

OTSAILAK 23 astelehena - zingar-arraultzea
Goizean Zingar-arraultzea goizea zehar
19:00-20:00 Les tambours de Feu (Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna)

Doneztebe, Elizondo, Lesaka eta Berako inauteriak 09

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun