Lesakako inauteriak

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 12:42
TTIPI TTAPA

Lesakako inauterietan protagonistarik bada, horiek Zaku-Zaharrak dira. Belarrez betetako zakua eta kuadrodun atorra soinean, aurpegia zapi zuriarekin estalia, lastozko kapela buruan eta pizontzia eskuan daraman Lesakako pertsonaia. Urteak dira inauterietako igandearekin, arratsaldez, Zaku-Zaharrak kalejiran ibiltzen direla herrian barrena. Francoren diktadura garaian kendua egon zen, aurpegia tapatua ibiltzea galarazi zutelako. Dena den, baina gerora, Herriko Etxean horren berri emanda, baimena lortu zuten. Gaur egun, jendetza erakartzen duen ekitaldia bihurtu da.

Berrogei lagun inguru elkartuko dira aurten ere Zaku-Zahar gisa ibiltzeko. 16:00ak aldera gelditu eta zakuak belarrez betetzen joanen dira, eta poliki-poliki josten. Hartara, guztia prest egonen da ilunabarrerako: 19:00etan aterako dira. Karrikaz karrika ibili ondotik, Lesakako plazan bukatuko dute itzulia. Han plaza inguratzen duen paretan soka paratu eta Zaku-Zaharrak soka horretara lotuta daudenean, jendeak tiraka zakuak kenduko dizkiete.

Zaku-Zaharren adinez galdetuta, jende gaztea ibiltzen dela erantzun digu Susperregik: “belarrak bero haundia ematen du eta karga hartzen da. Hori dena garraiatu beharra dago… Kalejira nagusia atera aitzinetik, haurrek euren kalejira egiten dute, baina gurasoen ardurapean egoten dira. Nagusian, ordea, norberak bere buruaren erantzukizuna hartu behar du”.

Baina dena prest egon dadin, Arrano Elkarteko sei laguneko taldea aspaldi hasi zen lanean. Amagoia Susperregi Arrano Elkarteko kideak azaldu digunez, Eguberriak pasatuta hasi ziren prestatzen. “Lanak banatu genituen. Batzuek pixontzien ardura hartu zuten, bertzeek belarrarena, zakuena bertzeek…”. Behin dena martxan dela, Zaku-Zahar gisa atera nahi duten guztiei deialdi publiko bat egiten diete.

Hitzordua egina dago, beraz: 19:00etatik aitzinera herriko karriketan barrena. Lesakako inauterien doinuarekin kalejiran ibiliko dira Zaku-Zaharrak, bidean harrapatzen dituztenak pixontziarekin tentatuz eta zirikatuz.

Egitaraua

OTSAILAK 19 osteguna
Arraultze-arraultze eguna
Herriko haurrak etxez-etxe ibiliko dira Arraultze-Arraultze eskean.

OTSAILAK 22 igandea
17:00 Trikitixa taldeak lagunduta eta Plaza Zaharretik abiatuz, mairu eta Zaku zahar txikien kalejira herrian zehar.
19:00 Dantzaldia Plaza Zaharrean.

OTSAILAK 23 astelehena
8:00 Fraindarrak eta Goitarrak “arraultze arraultze” ibiliko dira baserrietan zehar.
12:30 Iñauterietako orgak Plaza Zaharrean.
19:00 Dantzaldia Plaza Zaharrean.

OTSAILAK 24 asteartea
Fraindarrak eta Goitarrak “arraultze arraultze” jarraituko dute.

Doneztebe, Elizondo, Lesaka eta Berako inauteriak 09

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun