Nagusilan elkartearen aurkezpena eginen da asteazken arratsaldean Lesakan

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 11:28

Baztertuak eta bakarrik dauden adintuak zaintzeko boluntarioak biltzen ditu

Otsailaren 4an, asteazken arratsaldeko 18:30ean, Lesakako Antoiu 27-2º udaletxeko aretoan Nagusilan elkartearen aurkezpena eginen da.
Nagusilan gobernuz kanpoko erakunde bat da, laguntza-elkartea, irabazi asmorik gabekoa, apolitikoa eta ez-konfesionala, baztertuak eta bakarrik dauden adintuak animatu, arindu eta lagundu nahi duen guztion artean osatutakoa. Kide gehienak aurretik erretiratuak, pentsionistak eta etxeko andreak dira. Bertze talde bat psikologia eta soziologia mailan laguntzeko prestatutako ikasle gazteez osatuta dago.
Aurkezpen hau nahi duen guziarentzat irekita dago eta ez du inolako konpromizorik suposatzen.

Santa Ageda bezpera

Nagusilan elkartearen aurkezpena ez da asteazken arratsalderako Lesakan iragarria dagoen ekitaldi bakarra. Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera izanik, Tantirumairu ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek ohiko kalejira eginen dute. Arratsaldeko 17:00etatik abiatuko dira kantuan eta eskean ikastolatik eta Lesakako Trikitixa taldearen laguntza izanen dute.

Pedalkadak iraunkortasunerantz

Bertze aldetik, otsailaren 3tik 15era zabalik dago komentuan Lesakako Udalak antolatutako “Pedalkadak iraunkortasunerantz” izeneko erakusketa. Asteartetik ortziralera, goizeko 9:00etatik 14:00etara zabalik izanen da erakusketa, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta igande eta besta egunetan 10:00etatik 14:00etara zabalik izanen ditu ateak. Astelehenetan itxia egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun