Otsailaren 21ean, larunbatarekin eginen da Beran kaldereroen konpartsaren desfilea. Berako Kultur Batzordetik eta Gure Txokoa elkartetik jakinarazi dutenez, besta hau antolatzeko herritarren laguntza eta partehartzea ezinbertzekoa da. Horretarako bilera bat antolatu dute otsailaren 4rako, asteazkenerako, 19:00etan Berako Kultur Etxean. Bilera honen ondotik, entsaio egunak otsailaren 17a, asteartea eta otsailaren 18a, asteazkena, izanen dira, Kultur Etxean 19:30ean. Kaldereroen konpartsa, aipatu bezala, otsailaren 21ean, larunbata, 19:00etan abiatuko da Illekuetatik Herriko Etxeko Plazara, baina euria eginen balu, Altzateko frontoian eginen litzateke.
Inauterietako egitarau zabala
Kaldereroen ateraldiarekin hasiko dira aurten Berako inauteriak, baina aitzinetik izanen dira bertze zenbait ekitaldi. Kaldereroen entsaioez gain, Inude eta artzaien entsaioak ee izanen dira otsailaren 19 eta 20an, ortzegun eta ortziralean, 20:00etan Eztegara pilotalekuan. Aipatzekoa da bazkarirako txartelak entsaioa egunetan jarriko direla salgai.
Musika eskolak inauteri besta
Otsailaren 18an, asteazkena, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak inauteri besta antolatu du. 16:30ean kalejira eginen da Beran barna, Zahar Etxea bisitatuz eta 17:00etan berendua izanen dute Musika Eskolan. Otsailaren 19an, Ortzegun Gizen egunean, haur eta gaztetxoen inudeak eta artzaiak aterako dira 15:45ean suhiltzaileen parketik Kultur Etxera. Euria eginen balu 16:00etan Eztegara pilotalekuan eginen litzateke ekitaldia. 16:30ean haurrentzako dantzaldia izanen da Kultur Etxean Xurdin taldearekin.
Larunbatean kaldereroak eta igandean iñude eta artzaiak
Larunbatean Kaldereroak aterako dira eta igandean, otsailaren 22an, inudeak eta artzaiak abiatuko dira goizeko 10:00etan Eztegara pilotalekutik, eta herri osoan barna ibiliko dira. Arratsaldeko 18:00etan Eztegara pilotalekutik Altzate karrikara abiatuko dira.
Zingar-Arraultze eta antzerkia astelehenean
Otsailaren 23an, astelehenean, zingar-arraultze eskean ibiliko dira beratarrak auzoz auzo. Arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara, Deabru Beltzak taldeak “Les Tambours de Feu” ikuskizuna eskainiko du Altzateko Plazan.