Beran toki egokirik ez, eta Lesakako futbol-zelaian entrenatzen hasi dira Gure Txokoakoak

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 10:28
Argazkiak: Luis IRATZOKI - Berako Gure Txokoak entrenamenduak egiten dituten Agerra auzoko futbol-zelaiaren egoe­ra benetan kaskarra da. Eta Matzadan, berriz, ez dago argirik. TTIPI TTAPA

Astearte eta ortzegun arratsetan Lesakako Mastegi futbol-zelaira joaten dira

Berako Matzada futbol-zelaian argirik ez, eta Agerra auzoko zelaia egoera kaskarrean. Bertze aterabiderik ez, eta halabeharrez, Lesa­kan entrenatzen hasi dira Berako Gure Txokoako erregional mailako jokalariak. Lesakako Beti Gaztekoekin hitz egin ondotik, Mastegi futbol-zelaia libre dagoe­netan hasi dira Gure Txokoakoak Lesakan: astearte eta ortzegunetan 21:00etatik aitzinera.
Gure Txokoako zuzen­daritzak behin baino gehiagotan eskatu omen dio Berako Udalari arazoa konpon dezan, baina bere horretan segitzen du denak. Orain, Lesakara joanez, Udalak «eskuak garbituko» dituen beldur dira.

Egoera kaskarra

Arazoak neguan egiten du okerrera. Izan ere, sasoi honetan lehenago iluntzen du eta Matzadan argirik ez dagoenez, ezin izaten dute han entrenatu. Agerrako futbol-zelaian, berriz, zenbaitetan ezinezkoa bihurtu da baloia mugitzea, batez ere, euria egiten duenean sortzen den lohia dela-eta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun