Nabazko lurren aferan beraien jokaera garbia dela diote Oninek eta EAk

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 11:58

Birkalifikazio kontsulta Hirigintza Batzordean bertan behera utzi zen eta ez dute PNVren jarrera ulertzen

Herriko hirigintza planaz, PNVk Udal Gober­nu Batzordeari egindako kritiketaz eta bertze gaietaz aritzeko prentsaurreko bana eskaini zuten Aralarrek eta EAk ilbeltzaren 22 eta 23an. Aralarrek babes eta elkartasun osoa eman zion Onin Udal Taldeari eta «bereziki hirigintza alorrean» Deñe Abuinek egindako lanari. Horren erakusgarri, Aralarko Nafarroako koordinatzailea eta koordinatzaileordea, Txentxo Jimenez eta Jon Abril hurbildu ziren Kasinora.
Oposizioa egiteko PNVk hartu duen jarrera «ulergaitza» egiten zaio Aralarri: «Irainean eta deskalifikazioan oinarritua dago bakarrik». Nabaz eta Landazelaietako proiektuen inguruan Oninen jarrera berretsi nahi izan zuen Jon Abrilek. Beraien posizioa garbia dela nabarmendu zuen eta urtarrilaren 12ko Hirigintza Batzordean argi gelditu zela: «Nabazko egitasmoa ezagutu zenetik kontrako jarrera irmoa izan dugu, eskan­da­­lugarria iruditzen zaigu eta ez zaigu egokia iruditzen Lesakarako. Ezin da horrelako proiektu handia lur ez urbanizagarrian plantea­tu, oraindik lur urbaniza­garria badagoenean garatzeko». Deñe Abuinek ere hitza hartu zuen, EArekin hitzarmenik dutenik ukatzeko. Udalean gehiengo osorik ez izatea lesakarrentzat suertea dela uste du Onineko bozeramaleak.

Alkatearen gestioa «sinplea eta garbia»

EA ere prentsaren aitzinean azaldu zen eta herriko alkate, zinegotzi eta juntako presidentearekin batera, Maiorga Ramirez Nafarroako presidentea eta Aitor Etxarri NaBaiko parlamentaria izan ziren. Koldo Erkizia alkateak Nabazko lur horiek birkalifikatzeko udaletxean egindako kontsul­taren inguruan eman dituen urratsak azaldu zituen eta bere gestioa hagitz sinplea eta argia izan dela azpimarratu nahi izan zuen: «udaletxean abenduaren 30ean promotore priba­tu baten sarrera bat izan zen, lurren birkalifikazio bati buruzko kontsulta eginez. Horrelako ugari izaten dira, edozeinek dauka horrelako kontsultak egiteko eskubidea. Alkate bezala dagokidan lana eginez Hirigintza Batzordera pasatu nuen eta aitzinetik hiru taldeei eman nien dokumentazioa aztertzeko. Urtarrilaren 12ko batzordean garbi geratu zen ez zeukala aitzinera joateko aukerarik. Beraz, promotorari kontsulta hori bertan behera gelditu zela jakinaraztea erabaki genuen. Beraz, nere gestioa sinplea eta garbia izan da». Hirigintzan dauden arazoak azaldu zituen alkateak: «2008an plan hidrografiko berria onartu zenetik, Ur Konfederazioak ez du erreka inguruko ehun metrotan inolako eraikuntzarik egiten uzten, Udalak Inundabilidade Plana aurkeztu eta onartu bitartean». Nafarroako Gobernuko txostenen arabera, urak hartzen ahal duen eremuan dauden etxe guziak ordenaziotik kanpo utzi beharko lirateke, eta horrek «herri erdia horrela geldituko litzatekeela erran nahi du, inolako obrarik egiteko modurik gabe eta hori ezin dugu onartu».

Argitaratutakoa berretsi du PNVk

PNVk argitaratu duena berretsi du eta agertzen diren datu guztiak egiaztatzen ahal direla azpimarratu du. PNVren ustez, «Aralar-Onin­ek eta EAk egindako adierazpenek frogatzen dute ez diotela gaiari errotik heldu nahi izan».
PNVk dioenez, «gezur galanta da promotorarekin izandako lehen kontaktua abenduaren 30ean izan zela» eta badakite EAk eta Oninek hilabeteak eman dituztela «proiektua garatzen, udaletxean ofizialki aurkeztu aurretik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun