Institutuaren inguruko lurrak berrantolatu nahian ari dira Udala eta Gobernua

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 3a, 11:40

Udalak, bertzeak bertze, erabiltzen ez diren zatiak Herriko Etxeari ematea nahi du

Toki Ona Institutuaren inguruko lur zatiak berrantolatzeko hitzarmenarekin lanean segitzen dute Udalak eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak.
Udalak aitzineko legealdian abiatu zuen lur eremu horiei buruzko hitzarmena sinatzeko prozedura, eta berriki Nafarroako Gobernuaren proposamena jaso du. Udalak hitzarmena sinatu aitzinetik zirriborro horri hainbat puntu gehitu nahi izan dizkio eta bortz puntu hauek gaineratzea onartu zuen ilbeltzaren 15eko osoko bilkuran.
Alde batetik, kiroldegiaren aitzineko patioa eskola ordutik kanpo Udalak erabili ahal izatea eskatu du.
Bertzetik, Zia errekaren hegoaldeko muga guztian Julio Caro Baroja pasealekua bide publikoa izatea nahi du, «gaur egun katastroak dioen bezala». Ricardo Baroja ikastetxea eta kiroldegiko patioaren artean dagoen pasealekuaren zatia itxi egiten da orain eta zabalik ikusi nahi du Udalak. Dena den, eskola ordutan zein segurtasun neurri hartu behar diren erabaki egin beharko litzateke.
Hirugarrenik, kiroldegiaren ekialdeko muga osoan dagoen 1.685 metro koadroko zatia Udalaren izenean gelditzeko eskatu du. Kiroldegiaren eta ondoko etxeen artean dagoen lur eremua da hori.
Erabili gabe dauden lur zatiak Udalari ematea da Nafarroako Gobernuaren zirriborroari Udalak gaineratu nahi dion laugarren puntua. Hala, Udalak proiektu zehatzak dituenean erabili ahal izanen lituz­ke.
Azkenik, itxituraren kostua erdi bana egitea nahi du Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun