Igantziko gimnasio berria larunbat eguerdian inauguratuko dute

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 29a, 16:50

Larunbat honetan, urtarrilaren 31n, eguerdiko 12etan eginen da Igantziko gimnasialeku berriaren inaugurazio ekitaldia. Gimnasio berria eskolan kokatua dago, baina Iñaki Goienetxe alkateak aipatu digunez, “ikasle eta irakasleek ez ezik, dantzariek edo herri kirol taldekoek erabiltzeko moduko eremua egin nahi izan dugu”. Zolarekin batera, espalderak eta dutxak egin dituzte eta gimnasioaz gain, biltegi bat ere egin dute.

238.000 euroko laguntza Madriletik

Espainiako Estatuaren 2008ko Aurrekontu Orokorretan, Igantziko Udalarentzat 238.000 euroko dirulaguntza sartzea lortu zuen bere garaian EAJ-PNVko kongresuko taldeak. Hasiera batean Igantzin gimnasioa egiteko eta frontoiaren zati bat estaltzeko erabiltzekoa zen, baina gimnasioaz gain biltegia ere egin denez, lan honetan joan da diru guzia.

Gimnasioaren hasierako balorazioa 194.000 eurokoa zen eta Nafarroako Gobernuak 88.000 euroko laguntza onartu zuen. Beraz, hasiera batean 106.000 euro ordaintzea tokatuko litzaioke Igantziko udalari horregatik aurkeztu zuen PNVk dirulaguntza eskaria Madrilgo Kongresura. Aurkeztu eta kongresuak onartu egin zuen 238.000 euroko laguntza, lehengo 40 milioi pezeta eskas.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun