Berako haurtzaindegia handitzeko dirulaguntza eskatu dio Berako Udalak Espainiako Gobernuari

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 29a, 15:59

Frontoiko ittoxurak moldatu eta irekiera lizentzia eskuratzeko lanak, aldiz, ez dira sartuko

Krisiari eta langabeziari aitzin egiteko, Espainiako Gobernuak iragarritako dirulaguntzen deialdian honako obra hauek sartzea erabaki du Udalak: haurtzaindegia haunditzea; hiltegian balio anitzeko lokala egokitzea; Herriko Etxean igogailua jartzea, Matzada Parkea egitea, Kiroldegiko teilatua eta fatxada konpontzea eta Kultur Etxeko teilatua konpontzea. Horietako gehienak ilbeltzaren 15ean egindako osoko bilkuran onartu zituen Udalak tokiko inbertsiorako fondo estatalean sartzeko. Dena den, zenbait gaik eztabaida sortu zuten, haurtzaindegiak eta pilotalekuak, hala nola.

Frontoiarekin eta haurtzaindegiarekin eztabaida

Josu Iratzoki alkatea eta bere taldea, EAE-ANV, frontoiko teilatuko ittoxurak konpontzea eta irekiera lizentzia lortzea deialdian sartzearen alde agertu ziren, eta haurtzaindegia momentuz ez sartzea, «aurten dirulaguntzak izanen direlakoz». Baina oposizioak haurtzaindegiari eman zion lehentasuna eta Aralar, EA eta EAJ-PNVren aldeko sei botoekin aitzinera atera zen. Frontoiaren kasuan, ordea, EAE-ANVk baino ez zuten eman aldeko botoa (lau boto) eta ez zen aitzinera atera gainerako sei zinegotziak kontra azaldu zirelako. ANVk erran zuenez, “frontoia dagoen bezala edozer gertatuta Udalak erantzukizun handia du. Frontoia ezin da erabili, dagoen bezala hobe da ixtea eta Bera ezin da gelditu frontoirik gabe” EAko Helena Santestebanen ustez, “frontoia Babes Zibil Zerbitzuaren txostenaren zain dago eta ezin da dirua horretan gastati jakin gabe ziur ea eginen dena onartuko duten horrekin legeztatzea posible izanen den”. Aralarko Marisol Tabernaren erranetan, berriz, “frontoiak ez du lehehentasunik eta haurtzaindegiak bai”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun