Lesakako Mastegi futbol zelaian entrenatzen hasia da Gure Txokoako erregionaleko taldea

Utzitako argazkiak 2009ko urt. 27a, 11:38
Agerrako futbol zelaia egoera negargarrian dago. <br> TTIPI TTAPA

Matzadan ez dute argirik eta Agerrako zelaia egoera penagarrian dago

Matzada futbol-zelaian argirik ez, eta Agerrako zelaia egoera kaskarrean. Bertze aterabiderik ez, eta halabeharrez, Lesakan entrenatzen hasi dira Gure Txokoako erregional mailako jokalariak. Lesakako Mastegi futbol-zelaia libre dagoenetan hasi dira Gure Txokoakoak Lesakan: astearte eta ortzegunetan 21:00etatik aitzinera. Gure Txokoako zuzendaritzak behin baino gehiagotan eskatu omen dio Udalari arazoa konpon dezan. Orain, Lesakara joanez, «eskuak garbituko» dituen beldur da. Izan ere, Berako Udaletik zenbaitetan jakitera eman dute Gure Txokoako futbol taldeek etorkizunean Lesakako belar artifizialeko zelaian entrenatu eta jokatu beharko luketela.

Egoera kaskarra

Arazoak neguan egiten du okerrera. Izan ere, sasoi honetan lehenago iluntzen du eta Matzadan argirik ez dagoenez, ezin izaten dute han entrenatu. Agerrako futbol-zelaian, berriz, zenbaitetan ezinezkoa bihurtu da baloia mugitzea, batez ere, euria egiten duenean sortzen den lohia dela-eta. Gaur egun, 100 bat gazte ari dira futbolean Gure Txokoaren izenean eta zuzendaritzaren ustez, penagarria da Agerra futbol zelaian “entrenatzen” eta “futbolean aritzen ikasten” nola dabiltzan ikustea. “Honelako patatalekuan –diote zuzendaritzakoek– batzutan ezinezkoa egiten zaie baloia mugitzea ere eta 15 urte betetzen dituztenean, egoeraz nekatu eta futbola uzten dute”. Honelako baldintzetan segitzekotan, hurrengo denboraldira begira talderen bat desagertzea ere posible dela uste dute Gure Txokoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun