Nabazko lurren afera Lesakako alkatearen jarduna sinplea eta gardena izan da EAren ustez

Aitor AROTZENA 2009ko urt. 23a, 12:42

PNVk dioenez, Onin eta EA hilabeteak eman dituzte Nabazko proiektua garatzen

Asteazkenean Aralarrek eta Oninek egin zuten bezalaxe, ortzegunean Lesakako Eusko Alkartasuna prentsaren aitzineran azaldu nahi izan du, PNVk Batzoko argitalpenean idatzitakoak gezurtatzeko eta Lesakako hirigintza kontuei buruzko azalpenak emateko. Ekitaldian, Lesakako udalean EAK dituen bi ordezkariak, Txarli Aiala zinegotzia eta Koldo Erkizia alkatea izan dira, baita Severiano Txoperena, Lesakako EAko juntako presidentea. Hauekin batera, Maiorga Ramirez, Nafarroako EAko presidentea eta NABAIko parlamentaria eta Aitor Etxarri, Leitzako EAko zinegotzia eta NABAIko parlamentaria azaldu dira. Severiano Txoperenak argi utzi duenez, EAk behartua ikusi du bere burua azalpenak ematera.

Gestio sinplea eta gardena

Koldo Erkiziak, Nabazko lur batzuk birkalifikatzeko udalean egindako kontsultaren inguruan alkate gisara eman dituen urratsak azaldu zituen eta bere gestioa oso sinplea eta hagitz argia izan dela azpimarratu nahi izan du: “udalean abenduaren 30ean promotore pribatu baten sarrera bat izan zen, Nabaz auzoan lurren birkalifikazio bati buruzko kontsulta eginez. Horrelako kontsulta ugari izaten dira eta momentu honetan badira gehiago eta edozeinek dauka horrelako kontsultak egiteko eskubidea. Alkate bezala dagokidan lana eginez Hirigintza Batzordera pasatu nuen eta aitzinetik hiru taldeei eman nien kontsultaren dokumentazioa, komisioa baino lehen azter zezaten. Komisioa informatiboa da, ez erabakiorra, baina urtarrilaren 12an eztabaidatu zen eta garbi geratu zen ez zeukala aurrera joateko aukerarik. Beraz, promotorari kontsulta hori bertan behera jakinaraziko zitzaiola gelditu ginen. Beraz, nere gestioa oso sinplea eta garbia izan da”.
Kontsulta bat jasotzerakoan, udalaren eginbeharra horri erantzutea dela argitu zuen Lesakako alkateak, zeinek egiten duen begiratu gabe. “Bertzela herri ttiki hauetan beti izaten da parenteskoren bat, kasu honetan bazen bezala. Gai honek denen oniritzia balu eta plenora ailegatuko balitz, bertan ezin izanen nuela parte hartuko garbi azaldu nien bertze taldeei. Ez dago besterik”.

Ur Konfederazioak mugatutako hirigintza

Lesakako hirigintzan inguruan dauden arazoak azaldu zituen Koldo Erkiziak eta arazorik handiena, Kantabrikoko Ur Konfederazioarekin direla aipatu zuen."1999an gaur egun indarrean jarri zen Plana onartu zenean, Nafarroako Gobernuak Inundabilidade Plana eskatuz zuen eta gaur egun oraindik egin gabe dago. 2008an plan hidrografiko berria onartu zenetik, Ur-Konfederazioak ez du erreka inguruko ehun metrotan inolako eraikuntzarik egiten uzten, Udalak Inundabilidade Plan hori aurkeztu eta onartu bitartean". Nafarroako Gobernuko txostenen arabera, urak hartzen ahal duen eremuan dauden etxe guziak ordenaziotik kanpo utzi beharko lirateke, eta horrek, herri erdia horrela geldituko litzatekela erran nahi du, eta hori ezin dugu onartu".

Maiorga Ramirezek errektifikazioa eskatu du

Maiorga Ramirez, Nafarroako EAko presidenteak bere babesa azaldu nahi izan zion Lesakako Eusko Alkartasunako zinegotzi eta alkateari eta hauek egiten duten lanari, zintzotasunez egindakoa dela uste baitu. Halere garbi utzi nahi izan zuen politikan ez duela guziak balio, PNVtik jasotako erasoei erreferentzia eginez: “kritika beharrezkoa da, alternatibak,elkarrizketa, proiektu ezberdinak beharrezkoak dira, baina gezurrak, infundioak eta kalumniak ez dute lekurik izan behar. Zer nahi zuen PNVk? Kontsulta bati biderik ez ematea? Ez da EA edo pertsona baten kontrako erasoa, Lesakako Herriko Etxearen kontrakoa baizik, eta hori onartezina da. Ez du inongo justifikaziorik EAJren jarrerak. Oposizioak gauza asko aurrera ateratzen ahal ditu, lan handia egin. Alkjatetzan nahiz oposizioan egoten jakin behar da. Oposizioan gezurrak eta maltzurkeri pertsonalak… EAJri errektifikazio publikoa eskatzen dio, onartezina kalumniak, intsultoak eta Lesakako Herriko Etxe opsoa mintzeko adierazpenak. Bestela beste neurriak aztertu beharko ditugu.

PNVk boletinean agertutakoa berretsi du

EAJ-PNVk Batzokia boletinean argitaratu duen guztia berretsi du eta agertzen diren datu guztiak egiaztatzen ahal direla azpimarratu du. Gainera, PNVren ustez, ARALAR-ONINek eta EAk egindako adierazpenek frogatzen dute ez diotela gaiari errotik heldu nahi izan, “azaltzeko zaila baita”.
PNVk dioenez, "gezur galanta da promotorarekin izandako lehen kontaktua abenduaren 30ean izan zela eta jakin badakite EA eta ONIN hilabeteak eman dituztela proiektu hau garatzen, Udaletxean ofizialki aurkeztu aurretik.
Azkenik, EAJ-PNVk bere buletinaren bidez kritika politikoa bertzerik egin ez duela argitu nahi du eta eantzuna, berriz, “kea berterik ez da izan” PNVren arabera, “gaiaren mamian sartu ez direlako eta benetako arazoa saihestu dutelako; alderdi politiko honen kontrako erasoa bertzerik ez da izan. Ez dute ezer argitu, erakutsi edota gezurtatu”, beti ere PNVren idatzian ageri denez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun