Lesakako PNVk «irainean eta deskalifikazioan» oinarritutako oposizioa egiten duela salatu du Aralarrek

Aitor AROTZENA 2009ko urt. 21a, 15:07
Jose felix Aletxa eta Deñe Abuin Onineko zinegotziak, Jon Abril eta Txentxo Jimenez Aralarko kideekin batera. TTIPI TTAPA

Onin ere Nabazko proiektuaren aurka dagoela argi azaldu nahi izan dute «eskandalugarria» delako

Lesakako hirigintza planaz, PNVk udal gobernu batzordeari egindako kritiketaz eta gaurkotasuneko bertze gaietaz aritzeko Aralarrek prentsaurrekoa eskaini du asteazken goizean Lesakako Kasinoan. Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarko Koordinatzaile eta Jon Abril koordinatzaileordearekin batera, Deñe Abuin Onineko zinegotzia ere aritu da solasean eta Jose Felix Aletxa zinegotziak ere parte hartu du ekitaldian. Jon Abrilek hartu du hitza lehenik, azken aldian Lesakan hirigintza solasgai izan dela gogoratzeko, eta batez ere Landazelaiak eta Nabazko proiektuen harira, azken aste honetan Lesakako PNVko udal taldeak argitaratu duen boletinaren inguruan. Alde horretatik, Aralarrek babes eta elkartasun osoa eman dio Onin udal taldeak egiten ari den lanari eta berexiki bere bozeramale Deñe Abuineri, “bereziki hirigintza alorrean”. Jon Abrilek gogorarazi nahi izan zuen Oninen, Aralarreko militanteekin batera, bertze indar politikoetakoak eta independienteak ere badaudela. Horregatik salatu nahi izan zuen Lesakako EAJk “behin eta berriz Onin eta Aralar taldeen izenaz egiten duen erabilera gaiztotu eta interesatua”.

«PNVren oposizio ulergaitza, irainean eta deskalifikazioan oinarritua»

Oposizioa egiteko PNVk hartu duen “ulergaitza” egiten zaio Aralarri: “Irainean eta deskalifikazioan oinarritua dago bakar-bakarrik. Ez dute alkatetzatik kanpo behar bezala egokitzen jakin eta gainerako udal taldeentzako errespetua eskatzen dugu: kritika politikoa bai, oposizio politikoa bai, baina euren jarduna akzio politikora mugatu dezatela eskatu nahi diogu eta, berexiki Deñe Abuinen kontra duten sorgin ehiza honi bukaera eman dezaiotela eskatzen dugu”.

Nabazko proiektua «eskandalugarria» iruditzen zaio Onin udal taldeari eta Aralarri

Nabaz eta Landazelaietako proiektuen inguruan Oninen jarrera berretsi nahi izan zuen Jon Abrilek. Beraien posizioa garbia dela nabarmendu zuen eta urtarrilaren 12ko hirigintza batzordean argi gelditu zela: “Nabazko proiektua ezagutu zenetik kontrako jarrera irmoa izan dugu, eskandalugarria iruditzen zaigu eta ez zaigu egokia iruditzen Lesakarako. Ezin da horrelako proiektu handia lur ez urbanizagarrian planteatu, oraindik lur urbanizagarria badagoenean garatzeko; mendi maldan, inolako azpiegitura eta sarbiderik planteatzen ez denean. Proiektua ez da bideragarria eta horregatik gure erabateko gaitzespena”.

Landazelaiak eta mahai gainean dauden bertze proiektuak

Landazelaiei dagokienean, proiektua garatzearen alde daudela azpimarratu zuen Jon Abrilek, “baina ez PNVk planteatzen duen moduan”. Iparraldeko Ur Konfederazioak hala behartuta aldaketa batzuk egin behar izan ziren eta Oninek ere bertze aldaketa batzuk proposatu zituen, gehiegizko espekulazioa saiheste aldera. Ez dago justifikatua etxebizitza kopurua %50ean igotzea eta 340 etxebizitza planteatzea, Lesakan ez dagoenen halako beharrik eta herri ereduarekin bat ez datorrenean. Gure konpromisoa herria egitea da eta ez etxeak eraikitzea”.
Mahai gainean guttienez bertze bi proiektu ere badaudela azpimarratu zuen, garapen ttikiagokoak: “eliza atzean egin daitezkeen etxeak edo Bittiria-Izotzaldean planteatzen diren modura: 80 etxebizitza baino gehiagoz ari gara eta gaur gaurkoz, Lesakak dituen beharrei aski izanen liratekeenak”.
Indarrean dagoen hirigintza planak hamar urte beteko ditu eta horren gainean gogoeta egin behar dela uste du Aralarrek, eta horren gainean “berridazketa” egin beharko dela, “herritarren partehartzearekin, eztabaidarekin eta ahalik eta adostasun politikoa handienarekin”.
Txentxo Jimenez, Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak ere hitz gogorrak izan zituen Lesakako PNVrentzat. Bere ustez, PNVk ez du onartu boterea galdu duela Lesakan eta horregatik, modu txarrean eraso egiten diete udalean lanean ari diren taldeei eta batzutan eraso pertsonalak egiten dituzte. Horregatik, hausnarketa serioa egitera gonbidatu du Lesakako

Gehiengo osorik ez izatearen “suertea” azpimarratu du Deñe Abuinek

Deña Abuinek ere hitza hartu du, Eusko Alkartasunarekin hitzarmenik dutenik ukatzeko. Udalean gehiengo osorik ez izatea lesakarrentzat suertea dela uste du Onineko bozeramaleak: «Guk EArekin ez dugu pakto edo hitzarmen bat egina, Koldo Erkiziari gure babesa eman genion, gestio aldaketa ematea nahi genuelako. Gure konfidantza jarri genuen alkate berriarengan eta konfidantza hori ez da galdu, bertze gauza da gai puntualetan iritzi berdina ez izatea. Zenbait gaietan ados egon gaitezke PNVrekin, bertzeetan EArekin, bertzeetan aurka… hor dago aberastasuna, irizpide ezberdinak izatea. Pentsatzen dugu Lesakak suertea duela gehiengo osorik ez izatea, horrek garantia bat ematen duelako: edozein gai garrantzitsuk gobernu batzordetik edo plenotik pasatu behar du eta hor eztabaida sortzea eta azkenean erabakiak gehiengoz hartzea da egokiena, ez dut garantia hoberik ikusten. Hori ikusten da herriaren borondatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun