Jendetza bildu zen Lesakako Endara auzoan, San Anton eguna ospatzera

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 19a

San Antongo baseliza inguruan jendetza bildu zen igandean. TTIPI TTAPA

Igandean Lesakako Endara auzoko San Anton ermitan ospakizuna egin zen. San Anton, animalien zaindaria da eta gure eskualdean debozio handia diote. Horren erakusgarri, igande goizean eman ziren hiru mezetan ttiki gelditu zen baseliza. Jende aunitz bere animaliekin, batez ere zakurrekin hurbildu zen San Antonera, hauek eritasunetatik babesteko eta zaintzeko eskaria egiten baitute. Eguraldia zalantzaz ibili zen, baina goizean zaparrada arinen bat bertzerik ez zuen bota. Hori bai, eguerdi aldera euria gogoz egin zuen eta dantzaldiko giroa pixko bat zapuztu zuen.

Oinez, bizikletaz, zaldiz…eta autoz

Goizean, errepide bazterra baliatu zuten saltzaileek beraien produktuak erakutsi, eta noski, saltzeko. Erroskilak, inoiz faltatzen ez diren Ataungo taloak, pastelak, Toki-Onako ikasleak ikasbidairako produktuak saltzen…
Batzuk autoa hartu eta urtegiraino joan ziren, baina auitzek bertzelako aukerak aprobetxatu zituzten: Bera, Irun , Oiartzun eta Lesakatik oinez joandako jende aunitz ikusi genuen, baita mendi bizikletak edo zaldiak baliatuz joandakoak ere.

Erromeri giroa

Sinesmenagatik, ohituragatik, goiza lagunartean pasatzeagatik edo dena delakoagatik, jende aunitz bildu zen bertze urte batez San Antonen. Batzuk elizkizuna entzun eta tragoxka bat hartzen dute, eta bertzeek mendi ibilaldi ederraz gozatu eta famili-giro atseginaz gozatzen dute.
Dantzaldiaren ondotik ere, batzuk besta giroan segitu zuten, Endara auzoan bertan bazkalduz edo Lesakako jatetxeetan. Izan ere, arratsaldean dantzaldia izan zen Plaza Zaharrean Egan taldearekin eta aunitzek San Antoneko ospakizuna bertan akautzeko ohitura izaten dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun