Lesakako EAJ-PNVk udal gobernu taldeak Nabazko proiektuan egindakoa salatu du, alkatearen interes pertsonalei lehentasuna ema diolakoan. PNVk aipatu duenez, duela hilabete batzuetatik honat udal gobernu taldearen ekimen eta adierazpenetan irregulartasunak somatu ditu eta horren adibiderik argiena da Nabazko proiektua babestu izana, Landazelaietakoa bazter utzita.
Landazelaietako proiektua egokiagoa zen herriaren beharrak asetzeko
EAJren ustez, Landazelaietako proiektu hau, Babes Ofizialeko 340 etxebizitzarekin eta tertziarioari eskainitako 2.500 metro koadrorekin, “herriaren beharrak asetzeko egokia zen, ongi planteatua eta planifikatua zegoen, baina bazterrean utzi eta kentzen saiatu dira, batez ere Koldo Erkizia alkatea. Beranduago ikusi dugu zergatik”.
«Alkatearen aitari zuzenean mesede egiten dion proiektua»
EAJ-PNVtik Nabazko urbanizazio proiektua, 59 eraikin, 344 etxebizitza eta 12.000 metro koadroko tertziarioarekin, bultzatu izana salatu dute, “neurriz kanpokoa eta ezegokia” iruditzeaz gain, “alkatearen aitari zuzen-zuzenean mesede egiten diolako, Nabazko etxebizitzen proiektuak hartzen duen lur zati handienaren jabe baitzen joan den urtera arte eta lur horiek promotorari salduak dizkiolako”.
1999an onartutako Hirigintza Plana azkeneraino eraman
PNVren arabera, honela ulertzen da alkatearen eta udal gobernu taldearen “jarrera interesatua eta arduragabea eta bakoitza bere lekuan uzten du, gardentasunik gabeko zeinbait gertakari argitzen ditu eta EAJ-PNVren lehengo eta oraingo lana kaltetzeko botatako zurrumurruak gezurtatzen ditu”.
PNVtik adierazi dutenez, “arin hartutako erabaki hauek ekarriko dituzten arazoen aitzinean bere lekuan egonen dira, urteetako esperientzia baliatuz”. Alde horretatik, 1999an Herriko Etxeko hameka zinegotziek ahobatez onartutako Udal Hirigintza Planaren barrenean soluzioak ematearen alde agertu da eta Nabazko lurren birkalifikazioa mahai gainean uztea eskatu diote Udalari, “babes ofizialeko etxebizitzen premia larria ikusita, Landazelaietako etxebizitzen gaia moldatzen eta gaur egungo udal hirigintza plana azkeneraino garatzen ez den bitartean”.
PNVk dioenez, udal gobernu taldeari dagokio lesakarrei beharrezko azalpenak ematea.