Udal kontuak

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Hilabetero bezala, abenduan ere, etxe guzietara udal informazioaren txostena banatu zen. Aurtengo aurrekontuetan aurrikuspen xume bat egin beharko dela ageri da informazioan, lehengo egoeraz aparte, Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ere aunitz murriztu dituelako. Lehentasunen artean, eskola moldatzea, herria txukuntzea, gastuak murriztea eta zerbitzuak mantentzea daude. Bertze zenbait puntu ere ageri dira:

Udal bulegoetan ordutegi aldaketa

Urte berriarekin batera, udal bulegoko langileen lanorduen antolakuntza eta lan eraginkortasuna hobetzeko, jendearentzako harrera ordutegi berria 9:30etik 13:00etara da. Gero eta ordu gehiago behar dira udaletxeko paperak prestatzen, deialdiak, kontuak… egiten eta denbora hobeki probexteko harrera ordutegiaren murrizketa egitea erabaki da. Halere, edozein presazko kontsulta telefonoz deituta egin ahal izanen da, betiko ordutegian, langileak Herriko Etxean egonen direlako.

Arau subsidiarioen gidaliburua

Herriko arau subsidiarioen gidaliburua ere banatu da. Izan ere, aunitzetan, hirigintza inguruko arauak zorrotzak dira eta ez dakigu zein baimen eskatu behar den obra bat egiteko. Liburuxka horretan argibide eta pausu guziak ageri dira. Gisa berean, udaletxean bertan ere informazioa emanen da ohi bezala.

Itzalaldi analogikoa

Jakina da 2010eko apirilean itzalaldi analogikoa emanen dela eta horrela Lurreko Telebista Digitala (LTD) izanen dela. Prestatze aldera, Udala lanean ari da: LTD ( TDT) –aren instalazioa nola izanen den informazioa osotzen ari da. Joan den azaroan, adibidez, Nafarroako Ikusentzunezko Kontseiluko teknikari bat herrian izan zen kobertura edo estaldura neurtzen. Horren arabera, Eguzkialdean ez dago koberturarik, Bordalarrean %100ekoa da, Aientsan %55ekoa, Azkilarrea auzoan %40ekoa eta herrian %50ekoa. Hutsuneak konpontzea da orain Udalaren helburua.

Ur deposituan berriz gorabeherak

Ur depositu berria oraindik solasgai dugu. Azaro aldera herriko langileak depositu berrian arrailak agertzen hasi zirela sumatu zuen. Udalaren ustez, bere garaian herriarentzat hainbertzeko dirutza kosta ziren obrak hainbat arazo ematea ez da normala. Udal berria lanean hasi orduko, arazoak hasi ziren eta konponketak egin arren, arazoak berretu egin dira. Horrela, Udalak Gobernura jo du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun