Nafarroako Gobernuak udalak, mankomunitateak eta bertzelako toki entitateak finantzatzeko duen eredua aldatzea eskatu du Herriko Etxeak. Nafarroako aurrekontuen harira, Josu Iratzoki alkateak eta bere taldekideek aurkeztu zuten mozioa eta EA, Aralar nahiz EAJko zinegotziek aldeko botoa eman zuten.
Onartutako mozioaren arabera, tokiko entitateek Gobernuak jasotzen dituen zergen banaketan parte hartuko lukete. Gobernuak zergen bidez jasotzen duenetik, guttienez toki entitateen funtsari jasotakoaren %25 bideratzea nahi da, tokiko entitateen artean banatzeko. Eskumenen deszentralizazioa haundiagoa izatea da Udalaren nahia eta hori eskatu dio Gobernuari, baita «finantzaziorako diru-sailak haunditzeko» ere, «batik bat gizarte gaietakoak».