«Esklabutza eta frankismoa» hitzaldia eta bideo solasaldia izanen da ortziralean Lesakan

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 15a

Arrano elkartean izanen da 20:00etan

“Esklabutza frankismoan» hitzaldi eta bideo emanaldia eskainiko du Fernando Mendiolak ortziral honetan, urtarrilaren 16an Arrano elkartean, arratsaldeko 20:00etan. Hitzaldi hau joan den urteko maiatzean Beti Gazte elkartean jarri zen erakusketarekin batera egitekoa zen, baina gibeleratu egin behar izan zen eta orain, ortziral honetan eginen da.

«Erregimenari desafektoak»

Fabrikak, errepideak, burdinbideak, meategiak, lan hidraulikoak… diktadura frankistak martxan jarritako bortxazko lanen sarearen adibideak baino ez dira. Hauen artean, Mendebaldeko Pirinioan egindako errepideak eta gotorlekuak aurkitzen ahal ditugu. Gure inguruan ere izan zuen eraginik bortxazko lan honek: Lesaka eta Oiartzun arteko errepidea “erregimenari desafekto” izena hartu zuten preso hauek egin zuten, baita Irurita eta Eugi lotzen dituena ere.

Bizkaitarrak Lesakan

Gerra ondoko urteetan 15.000 prisionero inguru aritu ziren lanean, hagitz bizi-baldintza latzetan, Estatu osotik etorri baldin baziren ere, aunitz bizkaitarrak ziren. Batzuk Lesakan laketu eta bertan familia osatu zuten, Urkijotarrak edo Isasitarrak bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun