Arantzako udaletxeko harrera ordutegia aldatu da

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 14a

Lurreko Telebista Digitalak (TDT) duen estaldura aztertu dute

Arantzako udaletxeko harrera ordutegian aldaketak izan dira. Lan ordua hobeki antolatze aldera eta eragikortasuna hobetzeko, jendearentzako harrera ordutegi berria ezarri da. Hala, 9:30etik 13:00etara egonen da udaletxea herritarrei irekia. Dena den, lehenagoko ordutegian udal langileak Herriko Etxean egonen dira eta telefonoz deitzeko ez da problemarik izanen.

Lurreko Telebista Digitala

Laster telebista analogikoak desagertu eginen dira eta Lurreko Telebista Digitala nagusituko da. Honela, Arantzako Udala horrekin lanean hasia da. Hainbat tokitan galdetzen ere ibili omen dira Arantzan TDTaren instalazioa egiteko nola izanen litzateken galdetuz. Azaroan, erraterako, COAN edo Nafarroako Ikusentzunezko Kontseiluko teknikari bat etorri zen Arantzara, eta momentu honetan Arantzan dagoen kobertura edo estaldura neurtu zuen. Horren arabera, Bordalarrean kobertura %100ekoa da; Eguzkialdean ez dago koberturarik; Aientsa auzoan %55ekoa da; Azkilarrean %40koa eta herrian, %50koa. Ikerketa horretatik abiatuta, estaldurarik gabe dauden txokoei soluzioa ematea izanen da orain Udalaren helburua, telebista analogikoa desagertu baino lehen TDTa eduki ahal izateko.

Arrailak ur deposito berrian

Arantzako ur depositu berriak ere zer errana ematen segitzen du. Izan ere, urte hondarrean, azaro aldera, herriko langileak ur deposito berrian arrailak agertzen ari direla somatu zuen. Eta Udalaren arabera, ez da normala hain deposito berri batek hainbertze arazo ematea, kontuan hartuz, Udalak dirutza haundia ordaindu behar izan zuela bere garaian horretarako. Udal berria lanean hasi orduko ere arazoak somatu ziren eta lanak egin zituzten Pagozelay eta proiektua egin zuen Europactizime enpresei erreklamazioa aurkeztu zien Arantzako Udalak. Konponketak egin ziren baina arazoak berretu egin dira. Horri soluzioa emateko, Arantzako Udalak Nafarroako Gobernura jo du.

UEMA eta Behatokiaren buzoia

Bertze aldetik, UEMA eta Euskararen Behatokiak buzoi bat paratuko dute Arantzan. Udaletxeko gorapean egonen da buzoi hori eta herritar guztiek eta udaletxeko langileek, zinegotziek eta abarrek euskararekin zerikusia duten kexak adierazteko izanen da. Orri bat beteko beharko da hizkuntza eskubideak urratuak izan diren ala ez adieraziz. Dena den, bakoitzaren datuak anonimoan geldituko dira, eta ez dira inora ere zabalduko. Joan den urteko azaroaren 7an erabaki zuen Udalak aho batez buzoi hori paratzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun