«Nabazen 300 etxebizitza egiteko inolako proiekturik ez aurreproiekturik ez da Herriko Etxean aurkeztu eta udalean ez dutela gai hori tratatu edo estudiatu, hain xuxen, deus ez dagoelako». Honela erantzun dio ttipi-ttapari Koldo Erkizia Lesakako alkateak egunotan karriketan paratu diren kartelen edukiari buruz galdetutakoan. Kartel horietan, Nabazen 300 etxebizitza eta Landazelaietan 240 etxebizitza ingururen eraikuntzari buruzko informazioa Herriko Etxean galdetzeko ageri zen. Alkateak jakinarazi duenez, «promotora batek lur horien egoerari buruzko kontsulta bat egin du, baina horrelako kontsulta aunitz egiten dira Herriko Etxean. Adibidez, Izotzaldea edo Irain eskolako gaineko aldeko lurrei buruzko kontsultak ere egin dira, baina horrek ez du erran nahi etxebizitzak eginen direnik».
Landazelaietako proiektua ere geldi
Landazelaietako etxebizitzen proiektua ere geldirik dagoela azpimarratu du alkateak, Ur Konfederazioak ez baitu baimenik ematen zati handi batean eraikitzeko. Landazelaietako egitasmoari buruzko txostena prestatzen ari dira Herriko Etxean eta horren berri ere laister argitara emanen dutela adierazi du Koldo Erkiziak.
Alkaiagatik industrialderako bidea
Alkaiagako Estaziotik industrialdera doan bidea ibilgailu astunei itxitzeko eskaria egin zuten auzotarrek Herriko Etxean. Izan ere, industrialdera joateko, Zalaingo irteera hartu beharrean Funvera ondokoa hartu eta auzoko bide mearra erabiltzen dute kamioi aunitzek. Bide horretan nekez gurutzatzen ahal dira bi ibilgailu eta gainera, oinez eta bizikletaz jende aunitz ibiltzen da. Udal plenoan bidea ixtearen alde agertu zen Onin, baina kontra EA eta PNV. Bidea moldatzeko eta espaloiak zabaltzeko proiektua egin nahi omen du Udalak.