Berako Manttale taldeak, Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoa elkarteak, Berako Udalaren laguntzaz bigarren urtez antolatutako Santa Barbarara Igoera egin zen larunbatean, urtarrilaren 10ean, Mendiaren Egunean barrenean. Joan den urtean bezalaxe, igoera honekin omenaldia eskaini nahi izan zaie duela kasik bi urte Taillon mendian hil ziren Jabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiri. Horregatik, konpetizioa baino gehiago, jendearen partehartzea bilatu du Manttalek.
52 bikote
Alde horretatik, berriz ere arrakastatsua izan zen larunbateko ekitaldia, 52 bikotek parte hartu baitzuten Santa Barbarako Igoera horretan. Lasterketan parte hartu zutenez gain, proba ikustera eta animoak emateko asmoarekin bertze pertsona aunitz hurbildu ziren Santa Barbarako kaxkora, btzuk antolatzaileek antolatua zuten ibilaldi gidatuarekin bat eginez, eta bertze batzuk bere gisara. Ibilbidea, kiroldegitik abiatuta Santa Barbara igo eta berriz ere kiroldegira bueltatzea izan zen. Santa Barbaratik beheitirako lehen metroak arriskutsuak suertatu ziren, hormarengatik eta erorka bat edo bertze ikusi ahal izan zen.
Fernando Etxegarai eta Joxe Felipe Larrazabal bizkorrenak
Nahiz eta proba ez konpetitiboa izan, joan den urtean bezalaxe, Euskal Herriko selekzioaren izenean parte hartu zuten Fernando Etxegarai eta Joxe Felipe Larrazabal izan ziren bizkorrenak. 25 minutu eta 18 segundu behar izan zituzten ibilbidea osatzeko, iaz baino minutu bat gehiago. Juan Carlos Garrok eta Xabi Prietok bi minutu terdi gehiago behar izan zituzten, 27 minutu eta 49 segundu, hain zuzen. Ordu erdi baino guttiago behar izan zuten ibilbidea osatzeko Lesakako Otxoteko anaiek, Iñaki Larrañaga eta Joxemari Salgado beratarrek eta Joxe Zubieta eta Iban Zubieta aita-semeek ere. Loro, Zubi eta Saralegirekin batera mendian ibiltzen zen Asier Eizagirrek Patxi Vilarekin osatu zuen bikotea eta bikote mixtoek eta nesken bikoteek ere osatu zuten ibilbidea, denbora guttixeago edo gehixeago erabiliz. Hori zen guttienekoa.
Daulaghiri 2008 igoerari buruzko ikusentzunekoa
Probaren ondotik, berendua eta zozketak izan ziren parte hartzaile guziendako. Omenaldi egun hau akautzeko, Edurne Pasabanek eta Asier Eizagirrek Daulaghiri 2008 igoerari buruzko ikusentzunekoa eskaini zuten Ricardo Baroja eskolako jangelan.