Nafarroako Gobernuak udalak, mankomunitateak eta bertzeko toki entitateak finantzatzeko daukan eredua aldatzea eskatu du ahobatez Berako Udalak. Josu Iratzoki alkateak eta bere hiru talde kideek aurkeztu zuten mozioa Nafarroako aurrekontuen harira eta EA, Aralar nahiz PNVko zinegotziek aldeko botua eman zuten. Halere, EAko Helena Santestebanen ustez, “kejatzea baino efektiboagoa izanen litzateke kontseilariarekin lan-bilera bat egitea, ikus dezaten zein injustoak izaten ari diren”. Aralarko Jon Abrilen erranetan, bertze kopuru batzuk manejatzen dituen arren, “Aralar ados dago mozioaren espirituarekin”.
Udalek eta mankomunitateek bere proiektuak erabakitzeko ahalmen gehiago
Beraz, azkenean ahobatez onartu zuen Berako Udalak Toki entitateen finantzazio eredua aldatzeko eskatzea. Eredu berri horrek, “Nafarroako Gobernuak erabakitzen dituen egitasmoak diruz lagundu ordez, aukera emanen lieke udal eta mankomunitateei haien politika eta inbertsioei buruz erabakitzeko, eta horretarako gaitasun ekonomiko bat emanen lieke”. Onartutako mozioaren arabera, toki entitateak finantzatzeko marko orokor eta iraunkorra ezartzeko eskatuko da. Marko horretan, toki entitateek Nafarroako Gobernuak jasotzen dituen zergen banaketan parte hartuko lukete.
Zergen %25a toki erakundeen funtsara
Arestian aipatutako marko horren bidez, Nafarroako Gobernuak zergen bidez jasotakotik toki entitateen funtsari jasotakoaren gutxienez %25 bideratzea eskatu dio Berako Udalak, toki entitateen artean banatzeko. Azken finean, toki entitateen mesedetan eskumenen deszentralizazio handiagoa eskatu dio Berako Udalak Nafarroako Gobernuari eta horretaz gain “finantzazio kontu-sailak handitzea, batik bat gizarte gaiei dagozkienak”.