Zubi, Loro eta Saralegi gogoratuko dira larunbatean Berako Mendiaren Egunean

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 7a

Mendian hildako hiru mendizaleei omenaldia eskaini zitzaien joan den urtean Santa Barbaran. <br> TTIPI TTAPA

Santa Barbarara bigarren igoera ere eginen da

Berako Manttale taldeak, Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoa elkarteak, Berako Udalaren laguntzaz bigarren urtez antolatutako Santa Barbarara Igoera urtarrilaren 10ean eginen da, Mendiaren Egunean barrenean. Joan den urtean bezalaxe, igoera honekin omenaldia eskaini nahi zaie duela kasik bi urte Taillon mendian hil ziren Jabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiri. Horregatik, konpetizioa baino gehiago, jendearen partehartzea bilatzen du Manttalek.

14:30an ibilaldi gidatua, 15:30ean kronoigoera

Ibilbidea, kiroldegitik abiatuta Santa Barbara igo eta berriz ere kiroldegira bueltatzea izanen da eta parte hartzeko moduak hainbat: 14:30ean ibilaldi gidatua abiatuko da eta 15:30ean, 16 eta 65 urte arteko jendeari zuzendutako binakako kronoigoera. Mutilen bikoteek, nesken bikoteek eta bikote mixtoek parte hartzen ahal dute kronoigoera honetan. Denborak hartuko dira, baina ibilaldi ez konpetitiboa denez, ez da sailkapeneik ezta aparteko saririk emanen.

Tartean, haurrentzako lasterketak

Ibilaldi gidatuaren eta kronoigoeraren tartean, aurtengo berrikuntza gisara, 14:45ak aldera, haurrentzako lasterketak izanen dira kiroldegi inguruan. Proba honetan izen emateko epea 2009ko urtarrilaren 3an akautu zen eta dortsalak probaren egunean, Gure Txokoa elkartean bildu ahal izanen dira, 14:00etatik aitzinera. Probaren ondotik, berendua eta zozketak izanen dira parte hartzaile guziendako. Omenaldi egun hau akautzeko, mendiko dokumental baten emanaldia eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun