ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuko Lan Departamentua kritikatu du Alkaiagako Hidro-Rubber Iberica enpresak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientea edo EREa onartu duelako. Zehazki, Lan Departamentuak abenduaren 10ean onartu zuen ERE hori. Hidro-Rubber Iberica enpresak 58 langilek ditu eta sei hilabeteko behin behineko lan kentzeak 18 langileri eraginen dio. ELAk salatu duenez, denak arbitrarioki izendatu dituzte, inolako irizpide objektiborik gabe.
Lan Departamentuaren jarrera axolagabea
Hidro-Rubbereko ELA sindikatuaren ustez, enpresak Enplegu Erregulazioa Espedientea arinkeriaz planteatu du, baina oraindik larritasun gehiago du Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuaren portaera axolagabeak.
Bideragarritasun Planik gabe onartutako EREa
Izan ere Lan Departamentuak lan kontratuen suspentsioa baimendu du, nahiz eta onartu enpresak ez duela ERE eskaerarekin batera bideragarritasun plangintzarik aurkeztu, legeak agintzen duen bezala. ELAk dioenez, bertze behingoz administrazioa enpresen interesen menpe jarri da.
UGTk laguntza gutti kaltetuei
Bertze aldetik, ELA sindikatua Enplegu Erregulazio Espedientearen kontra jarri da eta alegazioak aurkeztu dizkio Lan Departamentuari eta gehiengoa duen sindikatuak, UGTk, kaltetutako langileei laguntza gutti eskaini diela salatu du. Izan ere, langileen batzarraren %85ak enpresaren planen kontrako jarrera azaldu bazuen ere, sindikatu horrek EREaren kontrako informerik ez duela aurkeztu dio ELAk. UGTk hiru ordezkari eta ELAk bi dituzte Hidro-Rubber Iberica enpresako Langile Batzordean.