Xabi Zozaia pala txapelketaren finalak abenduaren 20an jokatuko dira Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 18a

Hirugarren posturako partidak ere jokatuko dira, lehen eta bigarren mailan

Larunbat honetan, abenduaren 20an, jokatuko dira Lesakako Batzoki elkarteak antolatutako Xabi Zozaia paleta goma txapelketen azken partidak. Izan ere, joan den larunbatean jokatu ziren lehen eta bigarren mailako finalerdiak. Bigarren mailan, Oiartzabal eta Santamariak 30 eta 13 irabazi zieten Mitxelena eta Sanjurjri eta Altzugarai eta Txoperenak 30 eta 25 irabazi zieten Unanua eta Txoperenari. Lehen mailan, Bereau eta Dagerrek 30 eta 22 irabazi zieten Rodriguez eta Almandozi eta segidan, min hartua zegoen Antxordokiren ordez aritu zen Mololo Irigoienek eta Imanol Telletxeak 30 eta 25 irabazi zieten Larralderi eta min hartutako Lakostaren ordez aritu zen Arozenari.

Azken partidak abenduaren 20an

Beraz, azken partidak larunbat honetan, abenduaren 20an, jokatuko dira, arratsaldeko 16:00etatik aitzinera. Lehenik, bigarren mailan, Mitxelena eta Sanjurjo, Unanua eta Txoperenaren kontra ariko dira eta bigarren mailan, Rodriguez eta Almandoz, Larralde eta Lakostaren kontra. Segidan, final handiak jokatuko dira. Bigarren mailan, Oiartzabal eta Santamaria, Altzugarai eta Txoperenaren kontra ariko dira lehenik eta segidan, final nagusian, Mololo Irigoien eta Imanol Telletxea, Bereau eta Dagerreren kontra.

Xabi Zozaia bikain ari da aurten ere

Batzoki elkarteak iaz Xabi Zozaia izena eman zion Lesakan antolatzen duen pala txapelketari, herriko kirolari gazte honek pala munduan lortzen ari den emaitzak txalotu nahizik. Aurten ere, hainbat txapel irabaziak diru: Espainiako Federazio arteko txapelketan eta Erregearen Kopan txapeldun izan zen Nafarroa ordezkatuz, San Fermin Txikito Saria irabazi zuen, baita Bost-Kirol txapelketa Oberena taldearekin. Baina urtea akautzekotan badago ere, oraindik bi txapel lortzen ahal ditu aste hondar honetan. Ortziral honetan, abenduaren 19an, Sestaoko Pala Motza txapelketa jokatuko du eta igandean, abenduaren 21ean, Nafarroako pala motza txapèlketako finala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun