Berako Manttale taldeak, Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoa elkarteak, Berako Udalaren laguntzaz bigarren urtez antolatutako Santa Barbarara Igoera urtarrilaren 10ean eginen da, Mendiaren Egunean barrenean. Joan den urtean bezalaxe, igoera honekin omenaldia eskaini nahi zaie duela kasik bi urte Taillon mendian hil ziren Jabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiri. Horregatik, konpetizioa baino gehiago, jendearen partehartzea bilatzen du Manttalek.
Ibilaldi gidatua eta binakako kronoigoera
Ibilbidea, kiroldegitik abiatuta Santa Barbara igo eta berriz ere kiroldegira bueltatzea izanen da eta parte hartzeko moduak hainbat: 14:30ean ibilaldi gidatua abiatuko da eta 15:30ean, 16 eta 65 urte arteko jendeari zuzendutako binakako kronoigoera. Mutilen bikoteek, nesken bikoteek eta bikote mixtoek parte hartzen ahal dute kronoigoera honetan. Denborak hartuko dira, baina ibilaldi ez konpetitiboa denez, ez da sailkapeneik ezta aparteko saririk emanen.
Tartean haurrentzako lasterketak
Ibilaldi gidatuaren eta kronoigoeraren tartean, aurtengo berrikuntza gisara, 14:45ak aldera, haurrentzako lasterketak izanen dira kiroldegi inguruan. Proba honetan izen emateko epea 2009ko urtarrilaren 3an akautuko da eta horretarako Beran Errekalde ostatura, Lixoia ostatura, Purienera (Garbiñe Agaran dendara, alegia) eta Berako kiroldegira joan behar da eta Lesakan, Mendegia harategira. Dortsalak probaren egunean, Gure Txokoa elkartean bildu ahal izanen dira, 14:00etatik aitzinera. Antolatzaileek 50 bat bikote espero dituzte, joan den urteko arrakasta ikusita. Probaren ondotik, berendua eta zozketak izanen dira parte hartzaile guziendako. Omenaldi egun hau akautzeko, mendiko dokumental baten emanaldia eginen da.
Manttalekoak Donostiako Maratoian
Manttale taldeko korrikalariek maila ona eman zuten azaroaren 30ean jokatu zen Donostiako XXI. Maratoiean. Angel Pombar izan zen postu onena lortu zuena, hiru ordu baino gutxiago behar izan baitzituen lasterketa amaitzeko (2:56:31); bere kategoriako 124. postuan akautu zuen eta sailkapen orokorreko 330.ean. Kilometroa 4:12ko denboran egin zuen. Iñaki Larrañaga ere hiru orduen azpitik ibili zen (2:57:08) eta beteranoetan 227. geratu zen. Sailkapen orokorrean, berriz, 362. helmugaratu zen. Jorge Arakues izan zen Anoetako estadiora iristen Manttaleko hirugarrena, 584. postuan. 42 kilometroak osatzeko 3:04:17 behar izan zituen. Igor Larrañagak 3 ordu, 7 minutu eta 43 segundu behar izan zituen eta Txus Unsionek, 3 ordu 12 minutu eta 45 segundu. Fermin Esnaolak osatzen zuen Manttale taldeko espedizioa, baina ezin izan zuen helmugara iritsi eta 26. kilometroan erretiratu egin zen.