Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolako ikasleek Eguberrietako kontzertua eskainiko dute asteazken honetan, abenduaren 17an, arratsaldeko 17:30etik aitzinera Berako Kultur Etxean. Lehenik “Lo eta lo kuttuna” kantua joko dute Musika eta Mugimendua ikasten duten 4, 5 eta 6 urteko ikasleek, Musika Hizkuntzako prestakuntzako lehen eta bigarren mailakoek, orff instrumentuekin Musika Hizkuntzako lehenengo mailakoek, xilofonoekin prestakuntza mailakoek eta edalontziekin Musika Hizkuntzako bigarren mailakoek, pianoan Mari Jose Bergara lagun dutela. Segidan, “Din Dan Don” herrikoia joko du Zuhatz Larrondok teklatuekin; “Flowers of Edinburgh” eskoziar herrikoia joko du Jone Olaetxeak, Nahia Garciak eta Sara Maritxalarrek osatutako biolin taldeak, Mari Jose Bergara pianoan lagun dutela. Elton Johnen “Your song” joko du Irati Erandoneak pianoarekin, Mari Jose Bergara irakaslea teklatuan lagun duela.
Gurasoak ere musikari
Segidan, “Triste bizi naiz eta” herrikoia joko dute amak, seme-alabekin, alegia, Amaia Abuin ama teklatuan, Manex Zapiain semea gitarrarekin, Onintza Zapiain alaba trikitixarekin eta Eneritz Zapiain alaba kantuz. Jose Joaquin Goikoetxeak “Kalinka” joko du gitarrarekin.
Txistu, Abesbatza, perkusio eta trikitixa taldeak
Gero, txistu taldeak Javier Hernandez Arsuagaren “Ai! Hau gabaren” joko du. Txistu taldean Mari Jose Gaztelumendiren zuzendaritzapean, lehen txistu bezala Ane Eltzaurdia bakarlaria eta Saioa Osesek joko dute, bigarren txistuak Mikel Moreno eta Asier Oses, Naia Esnaola silbotearekin eta Joseba Bertiz perkusioarekin. Ion Aizpuruk zuzendutako Abesbatza taldeak “Kapitan Pilotu”, “Bautista Basterretxe” eta “Ator, Ator” kantatuko ditu, Mari Jose Bergara pianoan lagun dutela. Perkusio taldeak Manfred Mankeren “Perku rap” joko du; trikitixa taldeak “Gora ta gora beti” joko du, Mari Jose Begara pianoan, Aitor Mitxelena klarinetearekin eta Igor Telletxea baterian dutela. Segidan, gurasoei ere leku utziko diete trikitixa taldekoek, Arantxa Agirre, Inaxio Fagoaga, Carlos Pacheco eta Maria Pilar Irazokik panderoa jotzen lagun dituztela, “Jaungoiko Jaunak Gabon” joko baitute. Eguberrietako bertze kanta bat, “Noche de paz” joko dute Ane Fagoaga, Maialen Larrañaga eta Arantxa Larrañaga akordeolariek, Josebiñe Agirre, Maialen Ruiz eta Naiara Dagerre teklatu joleek, Olatz Etxepare klarinete joleak, Mikel Moreno marinbajoleak eta Mikel Esnaola lira joleak. Eguberrietako kontzertua bukatzeko, talde instrumentalak Akelarreren “Malko bi” eta Kepa Junkeraren “Bok espok” joko ditu.