Herriko musikarien eguna eginen da larunbatean

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

Bertzalde, Igantziko Abesbatzak 20 urte beteko ditu 2009an

Datorren larunbatean, abenduak 20, Igantzin musikaren inguruan ari diren kideak bilduko dira, kontzertua eskaintzeko. Lehenik meza izanen da, 8:00etan, bertako abesbatzak kantatua. Ondotik, 8:45 aldera, hasiko da kontzertua.
Batetik, herriko musika eskolako ikasleak ariko dira. Guztira 20 bat lagun ariko dira, bakarka nahiz taldeka, pianoa, txistua, trikitixa eta panderoa jotzen. Gero, denek elkarrekin eskainiko dute Igantziko Abesbatza ttikiaren saioa.
Bigarren tandan Igantziko Abesbatzak kantatuko du, kontzertuari akabaila emateko. Azken urteotan bezala, Isabel Lakar lesakarraren zuzendaritzapean ariko da, pianoan eta organoan Felix Txoperena laguntzaile dela. Aurten, gainera, kontzertu hau probestuko dute urte aunitzetan abesbatzan aritu den kide bati omenaldi xume bat egiteko. Akautzeko, beti egin ohi denez, abesbatza azken hilabete honetan saltzen aritu den errifaren zozketa eginen da. Eguberritako zare eder bat zozketatuko da.
Heldu den urtea bete-betea dator abesbatzarentzat. Izan ere, 2009an Igantziko Abesbatzak 20 urte beteko ditu. Hori ospatzeko asmoarekin, urtean zehar hainbat kontzertu antolatuko ditu, berarekin nolabaiteko harremana izan duten lau abesbatzekin; eta urtearen akabailan horiek guztiak Igantzikoarekin elkartuko dira, emanaldi berezi bat eskaintzeko. Hori guztia biltzen duen proiektua Nafarroako Kutxako Zeuk aukeratu, zeuk erabaki programan sartua da, nahi duen orok bere laguntza eman dezan, urtea bukatu baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun