Eguberrietako ohiko ospakizunak ekitaldi berriekin nahasiko dira

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

‘Etengo ez den soka’ jaialdia antolatu du Ikastolak abenduaren 28an

Eguberriak gainean ditugu eta garai honetan ohikoak diren ospakizunekin batera, bertze hainbat ekitaldi berezi antolatu dira Lesakan.

Hasteko, abenduaren 17an, asteazkenean, Eguberrietako kontzertua eskainiko du Udal Musika Eskolak, 17:00etan udaletxeko Pleno Aretoan hasiko den emanaldian.

Abenduaren 19an, ortziralean, berriz, Eguberrietako jaialdia izanen dute Irain eskolan, goizeko 11:30etik aitzinera.

Asteburuari begira, larunbatean, abenduaren 20an, Batzoki elkarteak antolatutako paleta goma txapelketaren finalak jokatuko dira, lehen eta bigarren mailan, 17:00etatik aitzinera. Egun berean, Eguberrietako kalejira eginen dute herriko musika taldeek, 19:00etan hasita.
Igandean, abenduaren 21ean, Beti Gazte elkarteko mendi sailak Elutxara ibilaldia eta txistorrada antolatu ditu. Goizeko 8:00etan abiatuko dira plazatik.
Jakina, abenduaren 24ko eguerdian, Jaiotza eta Olentzero lehiaketak eginen dira plazan. Ilunabarrean, ohiturari eutsiz, Olentzero irabazlea karrikaz karrika ibiliko da, Udal Musika Bandaren laguntzarekin

Azken urteetan indarra hartzen ari den ekitaldia, Lesakako Abesbatzak lagunduta egiten den kantu zahar poteo herrikoia, abenduaren 27an eginen da, larunbatarekin, 20:00-etan Kasinotik abiatuta.

Abenduaren 28rako, iganderako, Tantirumairu ikastolak Etengo ez den soka izeneko jaialdia antolatu du arratsaldeko 17:00etan komentuan. Ikastolako ikasle eta ikasle ohien eskutik musika, dantza, olerkiak, ipuinak eta bertze zenbait ikuskizun uztartuko dituzte.

Abenduaren 30ean, asteartean, Abesbatzak emanaldia eskainiko du Andra Mari egoitzan, 17:00etan. Abesbatzako kideek Urtezahar egunean ere lana zanen dute, arratsaldeko 18:00etan abiatuko baita Diostesalbe kalejira Plaza Zaharretik. Abesbatzako kideak ez ezik, herriko elkarte eta bizilagunak ere gonbidatu ditu Udalak ekitaldian parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun