Gutti gelditzen da 2008ari aio erran eta 2009ari ongi-etorri egiteko, eta giro horretan hainbat ekitaldi antolatu ditu Larun Haizpe Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak Eguberrietarako. Udala, Rural Kutxa eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute horretarako. Batetik, haurrentzako parkea antolatu du. Hilaren 26tik 30era paratuko dute Altzateko frontoian, 11:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara. Eguneko sarrera 3 eurokoa izanen da eta bortz eguneko bonoa 10 eurokoa. Parkea zabaltzen duten egun horietan egonen dira salgai.
Neska- mutikoek ederki pasatzeko aukera izanen dute: puzgarriak, rokodromoa, gizakien futbolina, ludoteka, salto egiteko ohatzeak eta informatika eta pintura gela izanen dira.
Tunisiara bidaia
Larun Haizpek zure erosketak saritzen ditu lelopean bertze kanpaina bat ere antolatu du. Hala, Tunisiara bidaia –bi lagunentzako eta aste bateko egonaldia– zozketatuko du Eguberrietan elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Erosketak egiteagatik boletoak banatuko dituzte dendariek eta bidaia turistikoa heldu den urteko martxoaren 1etik 31ra egiteko izanen da. Zozketa urtarrilaren 6an eginen den Erregeetako loteriaren lehen zenbaki sarituaren berdina izanen da.
Bertzalde, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko, zenbait larunbat arratsaldetan dendak zabalduko dituzte Larun Haizpekoek: abenduaren 20an, 27an eta urtarrilaren 3an.