Funverako langile gehienek EREa sinatzeko zuzendaritzaren proposamenaren aurrean ELA sindikatuak aurkeztu zuen proposamena onartzea erabaki zuten. Honen ondorioz, langile guztiak (ia 200 langile) langabezira joanen dira datozen sei hilabeteetan, gehienez 58 egunez.
LABek, enpresak harturiko neurri honen aurrean tinko erran du ezetz, erabat proportzioz kanpokoa delako enpresaren egoera kontutan hartzen badugu; milioika eurotako irabaziak (6 miloi euro), eta aurten 4 txandatan lan eginez EREa aurkeztu baino lehen. Ondorioz, 2008ko urtea ere irabazi handiekin itxiko du. Horrez gain, erran beharra dago, enpresak azaroaren lehen hamabostaldian ezarri zuela 6 egungo flexibilitatea eta beste 5 egungo «zorra» eginarazi zigula, alda-txandako egutegia enpresa berak moztu zuelako urtea bukatu baino lehen, horrela 11 egun dira, enpresak nahi duenean, langileok errekuperatu behar ditugunak.
Ezinezkoa da langileak soilik izatea beti merkatuaren gorabeherak edota enpresaren gestio txarra jasan behar dutenak. Hau dela eta LABetik gogor salatzen ditugu enpresek hartzen dituzten neurri hauek, eta halaber, gogor salatzen dugu ELA-Funverako sekzio sindikala, Nafarroako Gobernuak EREa aplikatu ez dezan enpresaren aurrean inolako salaketarik ez egiteaz gain, hasiera-hasieratik onartu baitu enpresak planteaturiko egoera. Gustura sartu da gainera ERE hori sinatzeagatik enpresak eskaini dion dirua onartzeko negoziaketetan. Zentzu honetan adierazgarria da ikustea nola, gai berari buruz, ELAk bi alde desberdin agertzen dituen; alde batetik, hedabidetan eta bere web orrian gogor salatzen ditu irabaziak dituzten enpresak EREaren bidez irabazien tartea handitu nahi izatea, eta beste aldetik, Funverako kasuan bezala, onartzen dute hasieratik enpresak diona, nahiz irabaziak egon, EREaren sinadura negoziatzeko. Bukatzeko asanblada bat konbokatu dute langileen eskutan uzteko EREa onartu ala ezaren ardura, bi aukera bakarrik ipiniz horretarako, hau da: gauza txar bat onartu (EREa sinatzea ELAk sinaturiko balditzetan) edo gauza hagitz txar bat (EREa ez sinatzea eta INEMek kasu hauetan ematen dituen laguntzekin geratzea) erranez gainera EREa sinatzeak ez duela inongo ondorio txarrik ekarriko langileentzat etorkizunean.
Laburbilduz: ELA-Funverako sekzio sindikalaren aldarrikapenerako borondate ezak ekarri du EREa sinatzea, honen ondorioak gure ikuspuntutik hagitz txarrak izanen dira epe ertainera langileontzat, ulertzen dugulako hau onartuta ateak irekitzen dizkiogula etorkizun batean bertze ERE batzuk aurkezteko, eta hau enpresak aprobetxatuko duela ez dudarik izan.
LAB-Funvera