• Hamaika urte pasatu dira Bortzirietako Giltzarri Abesbatza sortu zenetik. Geroztik hainbat eta hainbat kontzertu eskaini ditu eskualdean zein kanpoan.
• Orain, ordea, bertzelako egitasmo batekin dabil bueltaka: 9 urtetik aitzinerako neska-mutikoekin Giltzarri Ttiki Abesbatza sortu nahi du.
• Horretarako, interesatuekin bilera eginen du abenduaren 23an Lesakako Eskol-Ttikin, 18:30ean. Edozein zalantza argitzeko telefono hauetara dei daiteke: 670 322137 edo 636 489113.
Noiz eta nola otu zitzaizuen neska-mutikoen abesbatza sortzea?
Bortzirietan hutsune bat ikusi izan dugu betidanik, haurren mailan ez dagoelakoz korurik. Egon direnak beti elizari lotuak izan dira, mezetan kantatzeko. Gainera, Giltzarri Abesbatzan jendea bilatzeko arazoak izaten ditugu eta gisa horretara ttikien korua sortu eta Giltzarriren harrobia izan zitekeela pentsatu genuen. Urte batzuk Giltzarri Ttikin egin, prestakuntza jaso, eta gero helduen korura salto egiteko aukera izanen lukete. Abesbatza helduek maila ona izateko gaztetatik hasi behar da.
Zein da helduen koruaren egoera?
Aurten jende berria sartu da, baina beti behar da jendea. Batzuk ikaratu egiten dira koruan gaudenak aunitz dakigula uste dutelako. Baina gu ere, bertzeak bezala, hutsetik hasiak gara. Bertze batzuk, berriz, ez dute astero entsegutara joateko ohiturarik. Lotua da baina ez badugu parte hartzen ez da aitzinera aterako.
Zuen kasuan, mutil falta arazoa da?
Ez dira aunitz, baina badira. Orain momentuan, Elizondoko koruarekin elkarlanean ari gara, eta eurek jendea falta dutenean gu joaten gara eta alderantziz. Eurek mutil aunitz eta emakume gutti dira; eta Giltzarrin alderantzizkoa gertatzen da. Momentu honetan koru bat gara, eta batzuetan izen bat eta bertzeetan bertzea hartzen dugu.
Zein izanen da Giltzarri Ttikiren helburua?
Haurrengan kantatzeko ohitura edo zaletasuna sortu nahi dugu, eta horrez gain, kontzertuen bidez eta hemendik kanpora ateraz, gure ingurua eta folklorea ezagutarazi nahi ditugu.
Zenbat lagun bildu nahi dituzue?
Mugarik ez dago eta ahal den gehiena! Oraindik korua martxan ez badago ere, dagoeneko batzuk baiezkoa eman digute. 9 urtetik aitzinerako jendearentzat ireki dugu, baina bakarren batek 8 urterekin sartu nahiko balu, izanen luke aukera. Musikari buruzko ezagutza edukitzea ere ez da beharrezkoa, denei dago zabalik, kantatzeko gogoa izatea da garrantzitsuena.
Nola antolatuko duzue abesbatza?
Helduen koruan zuzendari izateko ikasketak egiten ari diren hiru lagun daude eta horietako bat izanen da Giltzarri Ttikiko zuzendaria. Halere, bi koru diferente izanen dira: bakoitzak bere kontzertu eta ateraldiak eginen ditu. Agian momentu jakinetan zerbait egiteko bilduko gara. Errepertorioa oraindik ez dugu zehaztu, baina seguraski euskal kantekin hasiko gara. Entseguak zenbatero egin eta bertze xehetasunak abenduaren 23ko bileraren ondotik erabakiko ditugu, izena ematen duen jende kopuruaren arabera.
Ongi ateratzen bada, noiz paratuko duzue martxan abesbatza?
Aurkezpena martxo aldera egin nahi dugu. Lesakan izanen da, abesbatzak han izanen baitu egoitza. Baina ea hilbeltzan lanean hasten garen. Kontzertuak eskainiz hasiko gara eta bertze koruekin elkartrukeak egiten. Gero ikusiko dugu lehiaketetan parte hartu ala ez.