Datorren larunbatean zortzi, abenduaren 20an, Igantzin musikaren inguruan ari diren kideak bilduko dira, kontzertua eskaintzeko. Lehenik meza izanen da, arratseko 20:00etan, bertako abesbatzak kantatua. Ondotik, 20:45ak aldera, hasiko da kontzertua.
Musika eskolako ikasleak lehenik
Batetik, herriko musika eskolako ikasleak arituko dira. Guztira 20 bat lagun arituko dira, bakarka nahiz taldeka, pianoa, txistua, trikitixa eta panderoa jotzen. Gero, denek elkarrekin eskainiko dute Igantziko Abesbatza txikiaren saioa.
Igantziko abesbatza gero
Bigarren txandan Igantziko Abesbatza arituko da, kontzertuari akabaila emateko. Azken urteotan bezala, Isabel Lacar lesakarraren zuzendaritzapean arituko da, pianoan eta organoan Felix Txoperena laguntzaile dela. Aurten, gainera, kontzertu hau probestuko dute urte aunitzetan abesbatzan aritu den kide bati omenaldi xume bat egiteko.
Zozketa
Akautzeko, beti egin ohi denez, abesbatza azken hilabete honetan saltzen aritu den errifaren zozketa eginen da. Eguberritako zare eder bat zozketatuko da.
2009an hogei urte beteko ditu Igantziko Abesbatzak
Heldu den urtea bete-betea dator abesbatzarentzat. Izan ere, 2009an Igantziko Abesbatzak 20 urte beteko ditu. Hori ospatzeko asmoarekin, urtean zehar hainbat kontzertu antolatuko ditu, berarekin nolabaiteko harremana izan duten lau abesbatzekin; eta urtearen akabailan horiek guztiak Igantzikoarekin elkartuko dira, emanaldi berezi bat eskaintzeko. Hori guztia biltzen duen proiektua Nafarroako Kutxako Zeuk aukeratu, zeuk erabaki programan sartua da, nahi duen orok bere laguntza eman dezan, urtea bukatu baino lehen.