Batzokiko paleta goma txapelketaren finalerdiak larunbatean jokatuko dira Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko abe. 10a, 15:23

Lehen eta bigarren mailan, arratsaldeko 17:00etatik aitzinera

Joan den asteburuan jokatu ziren Lesakan Batzoki elkarteak antolatutako gizonezkoen paleta goma txapelketako final laurdenetako partidak, honako emaitza hauekin. Larunbatean jokatutako partidetan, bigarren mailako final laurdenik estuenean, Mitxelena eta Sanjurjok 25 eta 24 irabazi zieten Etxenike eta IƱarreari. Unanua eta Txoperenak 25 eta 15 irabazi zieten Oskariz eta Berhori eta Altzugarai eta Txoperenak 25 eta 16 irabazi zieten Galdos eta Telletxeari. Lehen mailako final laurdeneko partida bakarra jokatu zen larunbatean. Antxordoki eta Telletxeak 25 eta 17 irabazi zieten Otegi eta Eizmendiri. Aipatzekoa da 14 eta 5 irabazten ari zirela, Antxordokik min hartu zuela eta bere lekua Mololo Irigoienek bete zuen.

Igandean falta ziren final laurdenetako partidak

Igandean, bigarren mailan jokatzeko falta zen partidan, Oiartzabal eta Santamariak 25 eta 17 irabazi zieten Bertol eta Agostiri. Lehen mailan, Larralde eta Lakostak uste baino errazago lortu zuten finalerdirako txartela, 25 eta 9 irabazi baitzieten Hita eta Rotetari. Rodriguez eta Almandozek lan gehiago egin behar izan zuten, baina 25 eta 21 irabazi zieten Etxeberria eta Ormaetxeari. Ortzegunean jokatu zen partidan, Bereau eta Dagerrek 25 eta 10 irabazi zieten Peluaga eta Huegun-i.

Finalerdiak abenduaren 13an

Gauzak honela, larunbat honetan, abenduaren 13an jokatuko dira finalerdiak, arratsaldeko 17:00etatik aitzinera, Lesakako udal pilotalekuan. Lehenik, bigarren mailan, Mitxelena eta Sanjurjo, Oiartzabal eta Santamariaren kontra ariko dira eta gero, Altzugarai eta Txoperena, Unanua eta Txoperenaren kontra. Segidan, lehen mailako finalerdietan, Bereau eta Dagerre, Rodriguez eta Almandozen kontra ariko dira eta bukatzeko, Antxordoki eta Telletxea, Larralde eta Lakostaren kontra ariko dira.

Finalak abenduaren 20an

Batzokik antolatutako txapelketaren finalak eta hirugarren posturako lehiak, bi kategorietan, abenduaren 20an jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun