Gutti gelditzen da 2008ari aio erran eta 2009ari ongi-etorri egiteko, eta giro horretan hainbat ekitaldi antolatu ditu Larun Haizpe Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak Eguberrietarako. Udalaren, Rural Kutxa eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jasoko dute horretarako. Alde batetik, haurrentzako parkea antolatu du hirugarren urtez segidan. Abenduaren 26tik 30era paratuko dute Altzateko frontoian, goizez eta arratsaldez, 11:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara. Eguneko sarrera 3 eurokoa izanen da eta bortz eguneko bonoa, aldiz, 10 euro kostako da. Parkea zabaltzen duten egun horietan egonen dira salgai. Aitzineko edizioek izan duten arrakasta ikusita aurten ere Bortzirietako herri guztietatik hurbilduko direla espero dute antolatzaileek. Neska-mutikoek ederki pasatzeko aukera izanen dute: puzgarriak, rokodromoa, gizakien futbolina, ludoteka, salto egiteko ohatzeak eta informatika eta pintura gela izanen dira.
Tunisiara bidaia
Larun Haizpek zure erosketak saritzen ditu lelopean bertze kanpaina bat ere antolatu du. Hala, Tunisiara bidaia –bi lagunentzako eta aste bateko egonaldia– zozketatuko du Eguberrietan elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Erosketak egiteagatik boletoak banatuko dituzte dendariek eta bidaia turistikoa heldu den urteko martxoaren 1etik 31ra bitartean egiteko izanen da. Zozketa, berriz, 2009ko urtarrilaren 6an eginen den Erregeetako loteriaren lehen zenbaki sarituaren berdina izanen da.
Larunbat arratsaldez zabalik
Bezeroei ahalik eta zerbitzurik errazena eskaintze aldera, zenbait larunbat arratsaldetan dendak zabalduko dituzte Larun Haizpekoek. Larunbat honetan, abenduak 20, abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an izanen da hori.