Aro(t)zenatarrak nagusitu dira Bortzirietako taldekako bertso lehiaketan

Utzitako argazkiak 2008ko abenduaren 9a

24 bertsolariek ez ezik, gai-emaile, gai-jartzaile eta epaileek lan egin dute Bortzirietako taldekako lehiaketan TTIPI TTAPA

Linddurrenbordako finalean, Xabi Silveira, Jon Elizetxe eta Egoitz Gorosterrazu izan zituzten aitzinean

Bortzirietako bertso eskolak hamargarren urtez antolatu duen taldekako bertso lehiaketa ortziral eta larunbat honetan, abenduaren 5 eta 6an jokatu zen. Linddurrenborda sagardotegian jokatutako Aro(t)zenatarrak taldea, Manolo aita, Estitxu eta Aitor alaba eta semearekin nagusitu zen, 300,5 punturekin. Bertze finalistek, Xabier Silveirak, Jon Elizetxek eta Egoitz Gorosterrazuk zazpi puntu guttiago lortu zituzten.
Guzira 24 bertsolarik hartu dute parte aurtengo lehiaketan, zortzi hirukotetan banatuak. Urtero bezala, otordu eta ostatu giroan egiten den lehiaketa izan da Bortzirietako hau. Partehartzaileei dagokienez, Nafarroako txapeldun izandako bortz bertsolari aritu dira, Manolo eta Estitxu Arozena, Bittor Elizagoien, Xabier Silveira eta gaur egun txapeldun den Julen Zelaieta, baita Nafarroako txapelketan ohikoak diren bertsolariak ere, baina hauen arrimoan, plaza guttiago egiten dituztenak eta zenbait kasutan lehenbiziko aldiz jendeaurrean kantatu dutenak ere aritu dira.

Espidobaitan lehen kanporaketak ortziralean

Abenduaren 5ean, ortziralean, Berako Espidobaita elkartean egindako afariaren ondotik jokatu ziren lehenbiziko bi kanporaketak. Lehenbizikoan, Ikastolakumeak taldea, Xabi Terreros, Ioar Tainta eta Josu Sanjurjo lesakarrekin, nagusitu zitzaion Beratarrak taldeari, Julen Zelaieta, Garaxi Taberna eta Patxi Castillori. Segidan bertze kanporaketa jokatu zen. Elizagoientarrak taldea, Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Iker Gorosterrazu iloba-lehengusuarekin nagusitu zitzaion Izarra, Fana eta Karabinari, hau da, Jon Barberena, Maialen Belarra eta Alazne Untxaloren lekua bete zuen Irati Arrieta sunbildarrari.

Kattun eta Zialdon, hirugarren eta laugarren kanporaketak

Larunbatean, abenduaren 6an, Kattun egindako bazkariaren ondotik hirugarren kanporaketa jokatu zen: Xabi Silveira, Jon Elizetxe eta Egoitz Gorosterrazu nagusitu zitzaizkien Etxabe, Juan Mari Lopez eta Egoitz Telletxeari. Segidan Zialdon jokatuko zen laugarren kanporaketa, irudietan duzuena: Aro(t)zenatarrak, Manolo, Estitxu eta Aitor, Treintañeruk taldearen kontra aritu ziren, hau da, Ander Fuentes “Itturri” zubietarra, Estitxu Fernandez eta Iban Garroren kontra, alegia. Aitor Arotzenak eta Iban Garrok lehenbiziko aldia zuten jendaurrean kantari eta urduritasun hori somatzen zitzaien, baina bertsotan beteranoagoak direnen arrimoan, gustora aritu ziren, ostatua betetzen zuen jendetzaren aitzinean.

Finalerdiak Haizegoan eta Atxaspin

Behin lau kanporaketak jokatuta, finalerdien txanda izan zen. Lehenbizikoa Haizegun jokatu zen eta familia bereko lau bertsolari aritu ziren, hiru Elizagoientarren taldean eta bertzea, Egoitz Gorosterrazu, Xabi Silveira eta Jon Elizetxerekin. Azken hauek nagusitu ziren, finalerako lehen txartela lortuz. Bertze finalistak Atxaspiko saioan erabaki ziren: hemen Arotzenatarrak nagusitu zitzaizkien Terre, Ioar eta Josu Ikastolakumeei eta honenbertzez finalerako urratsa eman zuten Manolo, Estitxu eta Aitorrek.

Finala Linddurrenbordako afal ondoan

Linddurrenborda sagardotegian giro ederra zegoen, afalondoko azken saioa aditzeko. Nafarroako hamar txapel jantziak dituzte Manolo, Estitxu eta Silveirak, eta Jon Elizetxek Mariano Izeta Saria irabazi berri du. Beraz, bertso ederrak bota zituzten. Estitxuk bi urte zeramazkin plazan kantatu gabe, baina ederki aritu zen finalean. Aitor Arotzenak eta Egoitz Gorosterrazuk ere, beraien mailan, saio polita egin zuten.
Beraien lanak egin ondotik, epaimahaiak bere erabakiaren berri eman zuen. Arotzenatarrek 300 puntu terdi eskuratu zituzten, Silveirak, Elizetxek eta Gorosterrazuk baino zazpi gehiago.
Horretaz gain, aurten publikoan lehen aldiz kantatu zuen Iban Garrok eskuratu zuen Espidobaita elkarteak bertso onenari eskaintzen dion Kotto Saria.
Aipatzekoa da bertsolariez gain, Bortzirietako bertso eskolak lehiaketa honetarako gai-emaile, gai-jartzaile eta epaile taldea osatzen dituela. Denak, bertso eskolan ari direnak edo aritutakoak dira. Hamargarren edizio arrakastatsu honen ondotik, hamekagarrena prestatzen hasiak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun