Bortzirietako bertso eskolak hamargarren urtez antolatu duen taldekako bertso lehiaketa ortziral eta larunbat honetan, abenduaren 5 eta 6an jokatuko da. Guzira 24 bertsolarik hartuko du parte, zortzi hirukotetan banatuak. Urtero bezala, otordu eta ostatu giroan egiten den lehiaketa izanen da Bortzirietako hau. Partehartzaileei dagokienez, Nafarroako txapeldun izandako lau bertsolari ariko dira, tartean gaur egun txapeldun den Julen Zelaieta, baita Nafarroako txapelketan ohikoak diren bertsolariak ere, baina hauen arrimoan, plaza guttiago egiten dituztenak eta zenbait kasutan lehenbiziko aldiz jendeaurrean kantatuko dutenak ere ariko dira.
Lehen bi kanporaketak ortziral arratsean Espidobaitan
Abenduaren 5ean, ortziralean, arratseko 20:30ean afaria izanen da Berako Espidobaita elkartean eta afal ondotik jokatuko dira lehenbiziko bi kanporaketak. Lehenbizikoan, Beratarrak taldea, Julen Zelaieta, Garaxi Taberna eta Patxi Castillorekin eta Ikastolakumeak taldea, Xabi Terreros, Ioar Tainta eta Josu Sanjurjorekin, izanen dira aurrez aurre. Segidan bertze kanporaketa jokatuko da: Elizagoientarrak, Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Iker Gorosterrazu iloba-lehengusuarekin, Izarra, Fana eta Karabinaren kontra, hau da, Jon Barberena, Maialen Belarra eta Alazne Untxaloren kontra ariko dira.
Bertze bi kanporaketa larunbat bazkalondoan Kattun eta Zialdon
Larunbatean, abenduaren 6an, 13:30ean bazkaria izanen da Kattun eta ondorik hirugarren kanporaketa jokatuko da: Silveiratarrak iazko suplentikin, edo Xabi eta Jon Silveira eta Egoitz Gorosterrazu, Asto Gorritxoak taldearen kontra, hau da, Etxabe, Juan Mari Lopez eta Egoitz Telletxea ariko dira. Arratsaldeko 17:00etan Zialdon jokatuko da laugarren kanporaketa: Aro(t)zenatarrak, Manolo, Estitxu eta Aitor, Treintañeruk taldearen kontra ariko dira, Itturri, Esti FM eta Iban Garroren kontra, alegia.
Finalerdiak Haizegoan eta Atxaspin
Behin lau kanporaketak jokatuta, finalerdien txanda izanen da. Lehenbizikoa 18:30ean jokatuko da Haizegun, Berako saioan sailkatzen direnen artean eta bigarrena 20:00etan jokatuko da Atxaspin, Kattu eta Zialdon sailkatzen direnen artean.
Finala Linddurrenbordako afal ondoan
Bi finalerdietatik sailkatzen direnek finala jokatuko dute, 22:00etan Lindduurrenborda sagardotegian izanen den afariaren ondotik. Bortzirietako bertso eskolatik jakinarazi dutenez, Espidobaita, Kattu eta Linddurrenbordako otorduetan parte hartzeko izena eman behar da bortzibertso@gmail.com helbide elektronikoan edo 618 963011 telefono zenbakian.