Lesakan Euskaraz Bai Eguna ospatu zuten igandean

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 1a

Eguraldiak sobera lagundu ez bazuen ere, igandean ospatu zuten Lesakan Euskaraz Bai eguna. Kontseiluak 10 urte bete dituela-eta erakusketa ibiltaria izan zen Beti Gazte elkartean larunbat eta igandean, baina ekitaldi gehienak igandean egin ziren.

Bideo rallya eta ilas prestatzea

Goizean goiz bideo rallyaren aurkezpena eginen zen. Beharbada euriarengatik edo hotzarengatik, bi koadrila bakarrik animatu ziren bideo-kamerak hartu eta bere grabazioak egitera. Gero, Kontseiluko teknikarien laguntza izan zuten bideo horiek moztu, editatu eta arratsaldean egin zen emanaldian botatzeko. Bideoarekin lanean zebiltzan bitartean, Alondigako arkupetan, San Fermin jubilatu elkartearen atarian, bazkarirako ilarrak prestatzen hasiak ziren. Su ezti-eztian paratuak zituzten eltzeetan berotzen eta bitartean, sukaldariek beraiek nola edo hala aurre egiten zioten hotzari, haizeari eta hezetasunari. Horretarako salda, txistorra eta ardoa lagun, goiza eman zuten, ilarrek bere puntuak hartzen zutela begiratuz. Izan ere, bazkaria frontoian egiteko asmoa bazen ere, hau handi xamarra eta hotz geldituko zenez, azken orduan, erretiratuen elkartean egitea erabaki zen.

Ehun lagun bazkarian

Baina bazkaldu baino lehen, eguerdian, plazako etxeen izenak euskaraz paratu ziren eta euskararen erabilera bultzatzeko kanpainaren aurkezpena egin zen Plaza Zaharrean. Goizetik prestatutako ilarrak eta ondotik saiheski jateko ehun bat lagun bildu ziren jubilatuen elkartean eta bazkalondoa girotzeko, “Piano bat bertsotan” kantaldia izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun