Amaiurko mutilak eta Beti Gazteko neskak Nafarroako txapeldun sokatiran

TTIPI TTAPA 2008ko abe. 2a, 15:01
Amaiurko mutilak eta Beti Gazteko neskak kontent, txapelak jantzi ondotik. TTIPI TTAPA

Lesakan jokatutako 600 eta 500 kiloko azken jardunaldian nagusitu ziren

Nafarroako zortzinakako sokatira txapelketako hirugarren eta hondar jardunaldia jokatu zen larunbatean, azaroaren 29an, Lesakako udal pilotalekuan. Honela, gizonezkoetan 600 kiloko txapela jokoan izan zuten Amaiur eta Berriozarko taldeek, jardunaldi bakarrean. Emakumezkoetan, berriz, 500 kiloz beheitiko txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Etxeko taldeak, Beti Gaztek, puntu bateko abantaila ateratzen zion Sakanari eta bien artean zegoen txapela. Amaiurko taldea ere izan zen Lesakan, ez ordea Txantrea, pisuan sartzeko arazoak izan baitituzte.

Sakanak Amaiurri irabazi nesketan eta berdinketa gizonezkoen lehen txandan

Larunbateko jardunaldia, Amaiur eta Sakanako nesken arteko tiraldiekin hasi zen. Biak ere gogorrak izan ziren, baina biak, espero bezala, Sakanaren alde erori ziren. Segidan, gizonezkoen lehenbiziko txanda jokatu zuten Amaiur eta Berriozarrek. Joan den astean 640 kiloko txapela jantzi zuten baztandarrek, baina bi taldeen artean parekotasun handia zegoela nabarmendu zen berriz ere Lesakan. Gainera, Iruñaldekoek jarraitzaile sutsuak ekarri zituzten, turuta eta guzi. Lehenbiziko txanda honetako bi tiraldiak ikusgarriak izan ziren, hagitz gogorrak. Hasieran Berriozar gailentzen hasi zen, baina bi taldeak goma gainean eroriak ibili ondotik, nola edo hala amaiurtarrek bereganatzea lortu zuten. Bigarrena ere parekatua eta gogorra izan zen, Amaiurri falta bat adierazi zioten eta azkenean Berriozar nagusitu zen. Beraz, lehenbiziko txanda tiraldi bana irabazita eta txapela oraindik airean.

Tiraldi bana Sakana eta Beti Gazteko neskentzat

Emakumezkoek hartu zuten segidan goma. Gainera, txapela erabaki behar zuten tiraldiak ziren, Beti Gazte eta Sakana baitziren aurrez aurre. Elizondon jokatutako bigarren jardunaldian Beti Gaztek irabazi zizkion bi tiraldiak Sakanari, baina etxean, txapela janzteko presioarengatik edo urduritasunarengatik, lehen tiraldian ez ziren ongi ibili lesakarrak eta Sakanak irabazi zuen. Bigarrenean ere soka bereganatzen hasi ziren Sakanakoak, baina Beti Gaztek ez zuen txapela nolahala alde egiten utzi nahi. Hortzak estutu zituzten Lesakako neskek eta eroriz, altxatuz eta sufrituz, buelta ematea eta tiraldia irabaztea lortu zuten. Tiraldia irabazteak kasik zapela ematen ziela kontuan hartuz, ederki ospatu zuten Beti Gazteko neskek. Halere, oraindik Amaiurren kontrako tiraldiak falta ziren txapela segurtatzeko.

Mutilen txapela Amaiurrentzat eta neskena Beti Gazterentzat

Tiraldi hori baino lehen, mutilek bigarren txandari ekin zioten. Lehenbiziko tiraldia hagitz gogorra izan zen. Soka batera eta bertzera joan zen, bi taldeak eroriak, hemen ere aunitz sufritu zuten, baina azkenean Amaiurrek irabazi zuen. Bigarrena errexago eraman zuten baztandarrek, minutu eta 15 segunduan, eta honela, aurten Nafarroako bigarren txapela janztea lortu zuten. Berriozar azpitxapeldun izan da 600 kilokoan ere.
Gizonezkoen txapela erabakita, emakumezkoena erabakitzea falta zen, Beti Gazte eta Amaiurren arteko tiraldiekin. Baztandarrek ez zizkieten gauzak erraztu etxekoei eta lehen tiraldia bereganatzeko berriz ere gogotik sufritu behar izan zuen Beti Gaztek. Bigarrena ere borrokatua izan zen, baina Amaiurri hiru falta adierazi zizkioten eta minutu eta 25 segunduan lortu zuen tiraldia eta honenbertzez, txapela irabaztea Beti Gazteko taldeak. Zortzinakako txapelketan Beti Gazteko nesken taldean irabazten duen lehen txapela izan zen larunbatekoa. Rakel Deskarga, Idoia Maritxalar, Oihana Almandoz, Izaskun Igoa, Nerea Maia, Ainhoa Alzugarai, Naiara Alzugarai eta Maider Goizueta aritu ziren tiran eta Paxkual Taberna erakusle.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun