Azkeneko urteetan Kultur Egunak antolatu ditu garai honetan Lesakako Euskara Batzordeak. Aurten, urrats bat aitzinera egin eta Euskaraz Bai ospakizuna antolatu du aste hondar osorako. Kontseiluak 10 urte bete dituela-eta erakusketa ibiltaria ekarriko da Beti Gazte elkartera, larunbat eta igandean 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Larunbatean, gainera, bixita gidatua egiteko aukera eskainiko da.
Igandean egitarau zabala
Ekitaldi gehienak igandean izanen dira. Goizeko 9:00etan bideo rallyaren aurkezpena eginen da frontoian. 10:00etan ilar prestaketa eginen da Plaza Zaharrean edo, euria eginen balu, frontoian. Eguerdian, etxeen izenak euskaraz paratuko dira eta euskararen erabilera bultzatzeko kanpainaren aurkezpena eginen da Plaza Zaharrean. 14:00-etan goizetik prestatutako ilarra eta ondotik saiheski jateko bazkaria eginen da frontoian. Bazkalondoa girotzeko, “Piano bat bertsotan” kantaldia izanen da frontoian bertan. Egitarauarekin akautzeko, 19:00etan bideo rallyko lanen emanaldia eta sari banaketa eginen da Herriko Etxeko arkupeetan.