Drogen mendekotasunei aurre hartzeko herri planaren jardunaldia antolatu dute Udalak eta Askagintzak larunbat honetarako, azaroaren 29rako, Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolan. Jardunaldi honetan doan parte hartu ahal izanen da eta horretarako 012ra deitu behar da ortzeguna, azaroaren 27a bitarte. Gainera, ludoteka zerbitzua ere egonen da 3 urtetik goitiko haurrentzat, baina izena ematerakoan zehaztu behar da zerbitzu hori erabili behar dela. Berako Udala eta Askagintza 2005az geroztik garatzen ari diren drogen mendekotasunen planaren baitan antolatu dute jardunaldi ireki hau, gazte, guraso, komunitateko kide eta gaiarekiko interesa duen guztientzat zuzendua.
Solasaldia eta planaren aurkezpena
Goizeko 10:00etan eginen da ongietorria eta Hilario Garrudo psikologo klinikoak droga mendekotasunen fenomenoari buruzko hausnarketa eginen du. Gero, galdera-erantzunen tartea izanen da eta kafea eta pastak harzeko atsedenaldia hartuko da. 11:30ean Bera Herri Planaren azalpena eta garapena eginen da, Askagintzako kideen eskutik. 12:30ean galdera erantzunen tartea izanen da eta 13:00etan jardunaldiaren bukaera.
Informazio puntua
Gogoratu behar da, sexualitate eta drogen kontsumo eta erabilera dela-eta, gazteak ahalik eta informatuen egoteko informazio puntua zabaldu dute Askagintzak eta Udalak Herriko Etxean. Ortziralero zabalik dago bulegoa, 17:00etatik 20:00etara. Helbide honetara idatziz ere harremanetan jar daiteke: drogaklarrugorrian@askagintza.com. Hiru helburu nagusi ditu informazio puntu honek: batetik, drogen eta sexualitateen inguruan ezagupena eskaini nahi da; bertzetik, osasun heziketarako estrategia ezberdinak garatu nahi dira, beti ere, osasuna sustatu eta prebentzioa landuz; azkenik, aholkularitza eskaini nahi da, konfidentzialtasuna eta laguntza emanez.