Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak 108 familiei konpostagailuak eman dizkie, etxean konposta egiteko eta ahal den neurrian, sortzen den zabor organikoa lurbeltza edo ongarri bilakatzeko. Asteartean, azaroaren 24an egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa Etxalako Kultur Etxean. Prentsarako ez ezik, konpostagailua eskuratuko duten familiendako klase praktikoa izan zen, horietako aunitz izan baitziren ekitaldian. Konpostagailuak zertarako balio duen eta zertarako ez, zer botatzen ahal den eta zer ez, sor daitezkeen arazoak eta soluzioak azaldu zituzten eta nola montatzen den ere ikasi zuten. Segidan, Nekazari Koperatiban banatu ziren konpostagailuak.
Urteak lanean
Aurkezpen ekitaldian, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea eta Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko presidentea, Txomin Elgorriaga teknikaria eta Bortzirietan eredutzat hartu den Izarbeibarko Mankomunitateko kidea, Oscar Rubio izan ziren.
Patxiku Irisarrik aipatu zuenez, Bortzirietako Mankomunitateak urte batzuk daramazki birziklapenean lanean: “lehenbizi hondakinak bereizteko zaborontziak banatu ziren, iaz etxean bertan birziklatzen hasteko kapazoak banatu ziren, izugarrizko arrakastarekin eta orain gure zaborrontzietara doan materiala gehiago birziklatzeko helburuarekin konpostaje kanpainari ekin diogu”.
108 familiei
Patxikuk aipatu zuenez, Usurbil eta Izarbeibarko esperientziak ikusten izan ziren, baina azken eredu Bortzirietara hobeki egokitzen zelakoan, Gares ingurukoa aukeratu dute. Arrakasta handiarekin gainera, 108 familiek hartu baitute eta batzuk itxaron zerrendan gelditu behar izan dute: “Arantzan 13 familiek hartu dute, Beran 28k, Etxalarren 18k, Igantzin 29k eta Lesakan 20k. Halere, heldu den urtean berriz ere konpostagailu gehiago banatuko dira, oraingoan Espainiako Gobernuaren laguntzarekin eta horretarako bertze zerrenda bat irekiko da abenduan”.
Konpromisoa eskatzen duen “oparia”
Halere, konpostagailua ez dela opari bat azpimarratu zuen Patxiku Irisarrik, konpromiso batzuk betetzea eskatzen duela eta konpromiso eta eskubide horien berri eman zuen Txomin Elgorriagak, etxez etxe bixitak eta segimendua eginen duen teknikariak: “Konpostagailua hartu dutenek informazioa eskatzeko eskubidea dute, mankomunitatera deituz edo e-maila bidaliz eta beharrezkoa denean bixita ere egiten ahal dut. Horretaz gain, tresna konposta egiteko eta ongi erabiltzen dela ikusteko bizpahiru bixita eginen ditut”.
Sortzen den zaborraren erditsua organikoa da
Oscar Rubiok Bortzirietako Mankomunitatearen ekimena txalotu zuen. Kontsumo handiaren eraginez zabor aunitz sortzen dugu eta horrekin serio lan egiteko garaia dela uste du. Eguneko eta pertsonako 1,40 kilo zabor sortzen dugula aipatu zuen eta horretatik kasik erdia organikoa dela. Konpostagailuaren abantailarik handiena zabor hori ez dela zaborrontzira ailegatzen omen da. “Honela ez da garraiatu beharrik, ezta tratatu beharrik ere, eta horrek kutsadura eta gastua murrizten du. Gainera, ongarririk onena eskuratzen dugu” Oscar Rubiok erran zuenez, konpostajea ez da berria Bortzirietan, betidanik baserrietan zaborra pilatu egin baita desegiteko eta ongarri gisara erabiltzeko. Gaur egun, konpostagailuan pertsona eta eguneko 400 gramo zabor sartuko dela kalkulatzen du. Solasaldien ondotik, konpostagailu bat bertan montatu zuten eta gero, bakoitzari berea eman zitzaion.